Hamar urte beteta, bueltan da Errigora

Guaixe 2023ko urr. 26a, 09:01

Errigorako hamarrekoa kanpainaren aurkezpenean. UTZITAKOA

Eskaerak Errigora-ren web orrian edo herrietako ohiko tokitan egin daitezke azaroaren 9ra arte.

Errigora egitasmoak hamarkada bat bete du eta Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainarako 10 urte bete-bete leloa aukeratu dute. Natxi Aranburuk, Errigorako presidenteak esan duenez, "bete-beteak izan dira 10 urteetan izandako lorpenak eta osatutako komunitatea. Bete-bete sentiarazten gaitu Errigorak, horren parte izateak. Komunitatea betetzen eta hunkitzen duten balioak direlako". Balio horiek hiru direla nabarmendu Aranburuk: "zubigintza: pertsona, lurralde eta ideia desberdinekin bat egitea. Bestetik, ekintza: hitzetan baino egiten dugunean aurkitzea sinesgarritasuna. Eta, azkenik, ahalduntzea: txikitasunetik amets handia eskuratzeko gaitasuna badugula ikustea". 

Agerraldiko Ibai Sueskunek gogorarazi duenez, "AEK, Ikastolak, Sortzen eta Agerraldiaren artean banatuko dira kanpainan banatuko diren saskien %25aren irabaziak. Ikastolen eta AEKren biziraupena bermatzeko eta hezkuntza-sare publikoan D ereduari ateak zabaltzeko 1.800.000 euro lortu dira 10 urte hauetan". Bestetik, Ibon Ollok, Aristu upategiko ekoizleak, gogorarazi du 5 ekoizle hasi zirela eta egun 23 direla. "Errigora Balioak zigiludunak, dira sakietako produktu guzti-guztiak: bertako lehengaiez ekoiztuta; nekazariekiko harreman bidezkoaz jasota; Gure ekoiztetxeetako euskara planen parte direnak eta gure eskuak auzolanetan aritu direla ziurtatzen dutenak". 

Aurten Errigorak kutxa bakarreko eskaintza egin du, 50 euroko balioa duena. "10 urte betetzen direnean lehenengoz Errigoraren kanpaina bat gauzatu zenetik, inoizko saski gehien banatu nahi ditugu, auzolanean jakina". Saski eskaera egiteko deia Euskal Herri osora zabaldu dute.