Euskaraldiaren hirugarren edizioa 2022ko azaroaren 18tik abenduaren 2ra egin zen. Aurreko edizioetan bezala, azken horretan ere parte hartzaileen inguruko ikerketa lan sakona egin zen. Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Euskararen Erakunde Publikoaren enkarguz, Siadecok, norbanakoetan eta ariguneen bitartez, entitateetan Euskaraldiak izan duen eragina aztertu du. Haren ondorioak Bilbon ezagutarazi zituzten lastailaren 19an.
Goiatz Urkijok Euskaraldiko koordinatzaileak esan zuenez, "ikerketak baieztatu du ariketa gizartean normalizatu, finkatu eta egonkortu dela". Izan ere, Euskaraldia ezaguna da gizartean, rolak hizkuntza jokaerekin lotzen dira (%60,2k; hala ere, badira, oraindik, gaitasunarekin lotzen dutenak). Bestalde, "ariguneen funtzionamendua ondo ulertu da, oro har. Horrek dakar, besteak beste, parte-hartzaileengan Euskaraldiak duen eragina areagotzea urtetik urtera: 2022an ariketan parte hartu zutenen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza ohiturak aldatu dituzte. Eta hori, bereziki azpimarratzeko datua da" Euskaraldiko koordinazio mahaiko kideen ustez.
Datuak
Siadeco entitateko Jon Arrugaetak eta Unai Oiartzunek ikerketaren inguruko hainbat datu eman zituzten. Euskaraldian 158.440 lagunek eman zuten izena, %77,6k ahobizi eta %22,4k, berriz, belarriprest. "Aurreko edizioarekiko %11,1eko jaitsiera izan zen. Gazteen izen-emateak egin du bereziki behera eta gizonezkoen izen-ematea ere jaitsi da. Adinaren arabera, eta unibertso potentziala kontutan hartuta, 35 eta 64 urte bitartekoen artean (%34,4) izan du arrakasta gehien 2022ko Euskaraldiak. Gipuzkoan izan du hedadura gehien ariketak. Bestalde, 2022ko Euskaraldiko parte hartzaile gehienek (%81,9) aurreko edizioko rol bera hautatu zuten. Rola aldatu zutenen artean, ahobizi roletik belarriprest rolera egin zuten gehienak (%6)".
Entitateei erreparatuta, 8.610 izan ziren arigune gisa izena eman zuten elkarte, lantegi eta bestelako erakundeak. Aurrekoarekin alderatuta, entitateen izen-emateak %3,6 egin zuen gora (301 gehiago). "Euskaldunenak diren gune soziolinguistikoetan, proportzionalki handiagoa izan zen entitateen Euskaraldiko izen-ematea; 10 entitatetik 5 baino gehiago (% 56,8) hirugarren edo laugarren gune soziolinguistikoan kokatzen diren udalerrietakoak dira".
Euskaraldiak entitate horietan izan zuen eraginari dagokionez, "harreman-mota guztietan, Euskaraldiaren hamabostaldiko erabilera datuak altuagoak dira, Euskaraldiaren aurreko egoerarekin alderatuta. Harremanak euskaraz edo euskaraz gehiago diren entitateen ehunekoa 6 eta 13 puntu bitarte igo zen. Euskaraldiaren ondoren ere datuak ariketa aurretik baino altuagoak mantentzen dira (4 eta 7 puntu bitarteko igoerarekin)".
Balorazioak
Miren Dobaran Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuordeak azaldu zuenez, "Euskaraldia tresna egokia da euskararen erabilera sustatzeko". Nabarmendu zuenez, "parte hartzaileen bi herenek, intentsitate ezberdinetan bada ere, hizkuntza-ohiturak aldatu dituzte. Eraginak, hala ere, badu inguruarekin zerikusia; izan ere, ia egoera guztietan, ingurua zenbat eta euskaldunagoa izan, orduan eta gehiago egiten zen euskaraz Euskaraldiaren aurretik, eta gehiago egin da ondorenean ere; inguru erdaldunagoetan, ordea, Euskaraldiaren eragina gehiago nabaritu da, aldaketa handiagoa izan da".
Dobaranen iritziz, "ariketaren eraginaren erakusle argia da elkarrizketa elebidunak izateko orduan parte hartzaileek egin duten aurrerapausoa, hala, % 44,7tik %76,5era igo da bi hizkuntzetan ematen diren elkarrizketetan euskarari eusten diotenen portzentajea. Beste aldera, ikerketan parte hartu dutenentzat zailena izan da orain arte erdaraz ziren elkarrizketak euskaraz edo ele bitan izatea. Azken honetan, baina, errazagoa egin zaie jokabide hori hartzea Euskaraldiaren ondoren". Entitateen kasuan, Dobaranek nabarmendu zuen Euskaraldia bukatu eta handik ia bi hilabetera ariketa aurrekoak baino altuagoak dira erabilera datuak; "parte hartutako entitateen %31,3 lortu du hizkuntza ohiturak aldatzea. Entitateen %10ak erantzun du lortu duela euskara izatea entitateko hizkuntza nagusia; eta %21,3k erantzun du ordutik euskara gehiago erabiltzen dute".
Javier Arakama Euskarabideko zuzendari kudeatzaileak aipatu zuen ekimen masibo horren garrantzia: "edizio guztietan 150.000 izen ematetik gora egon dira, eta hori asko da". Arakamak esan zuenez, "2022 honetan ariketak aurreko edizioetan baino inpaktu txikiagoa izan duela uste dute norbanako zein entitateetako solaskideek". Baina, "aldi berean, lortzen da hizkuntza ohiturak aldatu eta mantentzea, eta ariketak laguntzen du euskaraz erosoago aritzeko aukerak sortzen. Eta Euskaraldia baliagarria da, baita ere, euskara agendan eta iruditerian kokatzeko, eta hala diote norbanako eta entitateetako arduradunek". Ikerketa aipatuz, esan zuenez, "mesedegarria da egunerokoan euskara gutxi erabiltzen duten partaideendako; euskara gehiago erabiltzeko aukera ematen die, Euskaraldiak dirauen bitartean ez ezik, baita ariketa bukatu ondoren ere".
Gaineratu zuenez, "ariguneek babesa eskaintzen dutela ondorioztatzen da ikerketatik, gehiago dira taldean bakarka baino erosoago aritu direnak. Ariguneetan txapa eramatea lagungarri da, baina, antolatzaileek, baieztapen hori norbanakoetara zabaldu dute, aurreko ikerketek ere hori bera agerrarazten baitzuten: orokorrean ariketa erosoago egiten laguntzen du txapak.
Aurrera begira
Aurrera begirakoaren inguruan galdetuta, asko dira Euskaraldiarekin lortutako aurrerapenari jarraipena eman nahi dioten entitateak; zehazki, hiru entitatetik batek erantzun du Euskaraldiak hizkuntza ohituretan ekarritako aldaketak etorkizunean ere mantenduko direla uste dutela, eta hori hala izateko neurriak hartuko dituztela gainera. Norbanakoei dagokionez, parte hartu dutenen gehiengoak hurrengo edizio batean parte hartzeko prestutasuna adierazi dute, baina ariketak aldaketa edota berrikuntza beharra duela ere gaineratu dute.
Aurrera pausoak ematearen garrantziaz ohartuta, hainbat eragile eta norbanakorekin gogoeta prozesu bat egin dute Euskaraldiko antolatzaileek. Gogoeta prozesu horretatik etorriko da, hein batean, Euskaraldiaren 4. edizioa.