Nafarroako Autopista erabiltzeagatik dauden deskontuak indarrean segituko dute

Guaixe 2023ko urr. 20a, 13:12

Maria Chivite presidnetea eta Jose Luis Arasti kontseilaria. NAFARROAKO GOBERNUA

Nafarroako Gobernuak bere gain hartuko ditu AP-15eko joan-etorriko bidaietan deskontuak. Neurria indarrean egongo da, gutxienez legegintzaldi honetan.

Nafarroako Autopistan (AP-15) joan-etorriko bidaia 24 ordu baino gutxiagoan egiten duten ibilgailu arinei deskontua aplikatzen zaie. Neurriak %100eko murrizketa dakar erabiltzaileek ordaindu beharreko prezio garbian, indarrean dagoen deskontu-politika komertzialari dagozkion deskontuak aplikatu ondoren. Azken batean, erabiltzaileek ibilbide horien BEZa baino ez dute ordainduko.

Nafarroako Gobernuaren eta Audenasaren artean izenpetutako hitzarmenetan jasota zegoen neurri hori 2019ko ilbeltzaren 23an sartu zen indarrean. Aldeek adostutakoaren arabera, neurri hori indarrean egongo litzateke harik eta deskontu horiek aplikatzeagatik Audenasari gehienez ere 12 milioi euroko konpentsazioa emango litzaiokeela egiaztatzen den arte. Kopuru hori Gobernu zentralaren Sustapen Ministerioak diruz lagunduko du. Foru Gobernuak aurreikusten du zenbateko hori lastailaren erdialdera agortuko dela, eta, beraz, data horretatik aurrera deskontu gehigarria bere gain hartzeko erabakia hartu zuen asteazkeneko bilkuran.

Aldi baterako deskontua aplikatu zenetik izan duen eragina dela eta hartu da erabakia Nafarroako Gobernuak. Jose Luis Arasti Ekonomia eta Ogasun kontseilariak adierazi zuenez, Nafarroako Gobernuak sentsibilitatea eta konpromisoa erakutsi nahi ditu "Erdialdeko eta Erriberako bizilagunekin, bereziki, baina hedaduraz erkidego osokoekin, arrazoi batengatik edo besteagatik bide hori erabiltzen duten neurrian".

2019tik 2023ko agorrilera arte, 14 milioi bidaiarik baino gehiagok deskontua jaso dute joan-etorriko bidaia 24 ordu baino gutxiagoan egiteagatik. Zifra hori AP-15 autobideko deskontuei lotutako Via-T gailu bat duten ibilgailu arinen erabiltzaileek egindako joan-etorri guztien % 72 da. Akordio berriaren bidez, Foru Gobernuak 11.904.000 euroko gastua hartuko du bere gain. Gastu-konpromiso hori urte anitzekotzat hartzen da, eta honela banakatzen da: 384.000 euro 2023rako izango dira, eta 2.880.000 euro hurrengo urteetarako, 2027ra arte. Gainera, hitzarmena berriro luza daiteke. Deskontu horren aplikazioa jasotzeko, orain arte bezala, AP-15eko deskontuei lotutako Via -T gailu batekin ordaindu beharko da.