Astekaria

Ermita protagonista

Erkuden Ruiz Barroso 2023ko urr. 25a, 13:30

'La Ermita' filmaren grabazioa Itxasperrin. UTZITAKOA

Arakilgo Itxasperri ermitan grabatu zuten Carlota Peredak zuzendutako 'La Ermita' filma. Bi aste inguru egon ziren Egiarretako baselizan grabatzen, eta Aritz Leoz Crespo altsasuarrak pelikularen produkzio taldean lan egin zuen.

Duela urte bat gutxi gorabehera bi astez "sekulako iraultza" izan zen Egiarretan. Ekoiztetxe batek herria "hartu" zuen; besteak beste, elkartea ileapaindegia eta makillaje saloi  bihurtu zuten eta frontoian aldagelak eta bulegoak jarri zituzten. Itxasperri ermitaren ingurua ere eraldatu zuten, eta egiarretar asko zertan ari ziren ikustera hurbildu ziren. La Ermita filma grabatu zuten bertan, eta orain Sitgesko Beldurrezko zinema jaialdian aurkeztu dute. Filmaren zuzendaria Carlota Pereda da, eta bere bigarren film luzea da La Ermita. Lehenengo filmak, Cerditak, Goya sarietan sei izendapen jaso zituen. Maia Zaitegi haurra da protagonista, Belen Rueda aktore espainiar ospetsuarekin batera, eta pelikularen produkzio taldean Aritz Leoz Crespo altsasuarrak lan egin zuen.

Duela urte bat inguru 'La Ermita' filma grabatu zuten Egiarretako Itxasperrin

Leozek azaldu duenez, Itxasperrin grabatzen bi aste inguru egon ziren, eta aurretik kokapen lanak egiten beste astebetez egon ziren: tokiak bilatu, azpiegiturak ikusi, filmatzea antolatu eta abar. "Baina grabaketalanak bi aste iraun zuten, eta ondoren ermita guztia 3D teknologiarekin eskaneatzen egon ginen, ordenagailura eramateko". Ekipoaren zati handi bat Zarauztik Egiarretara joaten zen, baina zenbait arduradun Irurtzunen gelditu ziren eta "operazio zentroa" Arakilgo herrian jarri zuten. Grabazioak Itxasperri ermitaren inguruan izan ziren, "bizilagun asko gerturatzen ziren baselizan zer egiten ari ginen ikustera, eta haiekin hitz egiteko aukera izan genuen; Itxasperriri buruzko hamaika istorio kontatu zizkiguten. Oso hartu eman polita izan zen".

Kokapena

"Momentuan ikusi zuten Itxasperri zela, filmarekin bat egiten zuen"
ARITZ LEOZ

Filmerako ermita "handi eta itxuroso" bat bilatu nahi zuten, eta Itxasperrikoa profil horretan sartzen zen. Idoia Artxanko Torrabadella iruindarra da kokapenen arduraduna, eta Sakana ongi ezagutzen duela azaldu du Leozek: "Aurkeztu zien ermitetako bat hori zen, eta momentuan ikusi zuten Itxasperri ermita zela aproposena. Ingurua zuhaitzez inguratuta, handia, barrutik ere handia, eroso grabatu ahal izateko... Istorioarekin bat egiten zuen".

"Ermitako ingurua erabat moldatu genuen, baita barrualdea ere. Arte departamentuak girotu zuen". Emitaren "bi garai desberdin" agertzen dira,  duela mende batzuetakoa eta gaur egungoa. Itxasperriko zelaian azoka bat sortu zuten eta baita beste hainbat girotzeelementu ere. "Ermita mende askotako aldearekin ikusten da, garai desberdinetan, eta eraldaketa ikaragarria egin zen". Gainera, pelikulan Itxasperri ez da Itxasperri eta ez dago Arakilen ere. "Pelikula gehienetan bezala, gauzak ez dira leku bakar batean grabatzen, nahiz eta gero muntaiaren bidez guk toki bakar batekin identifikatzen dugun". Hortaz, ermita hori beste herri fiktizio baten tenplua izango dela azaldu du Leozek: "Herri hori hainbat tokitan grabatu dugu. Ikusiko ditugu Sakanako, Leitzako eta ezagunak egiten zaizkigun beste paisaia batzuk ere, nahastuta".

Itxasperri
Asko aurreratu gabe, La Ermita filma Emmaren pertsonaiaren inguruan egituratzen da.  "Emma haur bat da, eta ama hil zaio. Neska saiatuko da hildakoen mundu paralelo horrekin harremanetan jartzen. Saiakera ermitan egiten du, aspaldiko espiritu bat  bertan itxita dagoela. Medium bati laguntza eskatzen dio, baina medium hori faltsua da eta ez du bere lanean sinistu ere egiten, eta umearen inozentziarekin kontaktu saiakera bat egiten dute, eta mediumak ere berraurkituko du mundu paralelo hori". Kontakizun guztia "ermita horren inguruan" gertatzen da; ermita protagonista "zentrala" da, "erabat".

 
'La Ermita' filmaren grabazioa Itxasperrin. DAVID HERRANZ / FILMAX

Bi astez Itxasperriko ermitako kanpoaldean eta barrualdean grabatu zituzten, eta beste aste batez Donostiako plato batean eraiki zuten Itxasperri ermitaren erreprodukzio batean grabatu zuten. "Ermita bera Donostian eraiki zuten. Ermita ongi islatzen zen, tamaina berekoa zen. Ermita hori Donostian egin zuten. Zergatik? Bazirelako ermitaren barruan grabatu ezin ziren gauzak, ondare historikoa delako eta babestuta dagoelako". Leozek azaldu bezala eta asko aurreratu gabe, "badira zenbait efektu bertan ezin zirenak egin, eta horregatik berreraiki zen". Gastu eta esfortzu handia izan zen, "beraz, horrek adierazten du ermitak pelikulan duen garrantzia".

Ermitaren erreprodukzioa egiteko aurretik 3D teknologiarekin eskaneatu zuten, eta Leozen lanetako bat horretaz arduratzea izan zen. "Egun osoko prozesua izan zen, zentimetroz zentimetro eskaneatu zuten bai kanpoaldea bai barrualdea, eta gero ordenagailura pasa zuten. Ordenagailuko irudian denetarik egin dezakete: zulo bat sortu, buelta eman, angelu guztietatik hartu... Ezinbestekoa da VPX edo efektu digitalak sortzeko". Baita ermita hartu eta beste inguru batean sar daiteke ere.

Filmaren "elementu zentrala" ermita da, baina protagonista Emma da, Maia Zaitegi aktore gipuzkoarrak egiten du paper hori. "Bere lehenengo papera da eta izugarri ondo egiten du". Haur bat denez, filmatzea moldatu behar izan zuten. "Adingabeek ordutegi berezia dute  eta dena ordutegia horren inguruan antolatu behar dute". Esaterako, ezin dute 22:00etatik aurrera  grabatu, "eta filmean eszena asko gauez grabatzen ziren, orduan grabazioa antolatzen zen horren arabera". Haur aktoreek coach bat izaten dute grabazioetan, haien arduraduna dena: "Eta Olatzek aktore eta hezkuntzan esperientzia zuen eta modu bikainean eraman zuen. Oso zaila zen emozioak orekatzea eta horretarako entretenituta egon behar zen ordu hil asko egoten direlako eta errepikapen asko egin behar direlako". Eszena asko "oso zirraragarriak" ziren, eta haur bat dela kontuan hartuz, "hor Maiaren meritua ikaragarria izan zen".

Egun batean txirrindularekin buelta bat ematen ari zela ezagutu zuen Leozek Itxasperri, duela zenbait urte. "Sorpresa hartu nuen horrelako ermita ikustean". Bertan grabatu behar zutela jakin zuenean "ilusioa egin zidan". Leku "berezia eta benetan polita" dela esan du. Produkzio departamentuaren barrua lan egin zuen, gehienbat logistikan.