Futbola

Erregionala: Etxarri hirugarren, eta Lagun Artea bosgarren

Guaixe 2023ko urr. 24a, 10:20

Erregional mailako laugarren jardunaldiak garaipen ederra lortu zuen Etxarri Aranatzek, baina Lagun Artea punturik gabe geratu zen Barañainek denboraz kanpo sartutako golari esker

Erregional mailan laugarren jardunaldia jokatu berri da. 

Asdefor taldearen kontra jokatu zuen Etxarri Aranatzek Amigo ikastetxean, eta hasieratik jaun eta jabe izan ziren etxarriarrak. 10. minutuan mustu zuten markagailua, Mattin Altzelaik sartutako golari esker. 22. minutuan Darling Quezadak bigarrena sartu zuen, baina atsedenaldia baino lehen 2 eta 1 gerturatu zen Asdefor. Bigarren zatian lehiak bizi-bizi jarraitu zuen. Xabat Goikoetxeak Etxarriren hirugarrena sartu zuen, baina partida bukaera aldera 2 eta 3 hurbildu zen Asdefor. Etxarrik erasoan jarraitu zuen, eta Andoni Goikoetxeak eta Joanes Mikeok sartutako beste bi golei esker, 2 eta 5 gailendu ziren etxarriarrak. 

Lakuntzako Lagun Arteak Lagunak B taldea izan zuen aurkari. Partida oso borrokatuan, lehen zatian bi taldeak nor baino nor borrokatu ziren, baina ez zuten golik sartu. Lagun Artea jokalari bat gutxiagorekin geratu zen, arbitroak Xabier Maiza kaleratu zuelako. Bigarren zatia lehena baino biziagoa izan zen. 50. minutuan Barañain aurreratu zen, baina lakuntzarrek ez zuten amore eman eta Borja Ganboak bana berdindu zuen. 85. minutuan Barañainek aurreratzea lortu zuen berriro, baina 89. minutuan, txirrina jotzear zela, bina berdindu zuen Mikel Agirrek. Partida nahasi zen, eta Gaizka Sagarzazuk bigarren txartela ikusi zuenez, bederatzi jokalarirekin geratu ziren lakuntzarrak. Hala ere, gogor eutsi zioten. Lakuntzarrek denbora eskatu zuten, baina arbitroak partida izugarri luzatu zuen. Horrela, 100. minutuan Iker Sanchezek Barañainen garaipenaren gola sartu zuen. Partida bukatu behar zena baino 10 minutu beranduago gola jaso izana kolpe ederra izan zen lakuntzarrendako. 

Datorrena
Sailkapenean Mutilvera C da liderra (12 puntu), Rotxapea B bigarren (10 puntu) eta Etxarri Aranatz hirugarren postura igo da (7 puntu). Lagun Artea, aldiz, bosgarren da (6 puntu). Bosgarren jardunaldian urriaren 29an, igandea, Lagun Arteak sailkapenean azkena den Zizur hartuko du 17:00etan Zelain Berrin. Etxarri Aranatzek ere etxean jokatuko du. Urriaren 29an, igandea, 16:15ean sailkapenean zazpigarren den Baztan B taldea hartuko du San Donaton.