Sakana Sarietara hautagaitzak aurkez daitezke

Guaixe 2023ko urr. 30a, 08:38

Joan zen urtean banatu zen saria. ARTXIBOA

Azaroaren 5era arteko epea dago Sakana Garapen Agentziaren webgunearen bidez proposamenak egiteko. Jasotako proposamenen artean bi sari banatuko dira.

Ibarreko komunitatearen ordezkaritza zabala biltzen duen Sakanako Sozioekonomia Behatokiak (SSB) sustatuta, bueltan dira Sakana Sariak. Laugarren edizioa da aurtengoa. Sariek ibarrean gizarte, ingurumen edo ekonomia eragin positiboa izan duen erakunde edo ekimen kolektiboak aitortzeko balio du, irabazi asmoa izan edo ez. 

SSBko kideek azaldu dutenez, "Sakana bizi, elkartu eta anitza zerumuga desiragarri bezala hartuta", hiru balioen gainean lan egiten duten egitasmo kolektiboak aitortu nahi ditu. Alde batetik, "dinamismoa, moldagarritasuna eta erresilientzia gaitasuna oraingo eta etorkizuneko erronkei aurre egiteko". Bestetik, "aniztasunaren sustapena, betiere, aberastasun kolektibo gisa ikusita". Eta, azkenik, "elkartasuna eta onura komuna bilatzea komunitatearen beharrak lehenetsiz. Horretarako funtsezko elementuak dira elkarlana, komunitatearen lana (auzolana) eta herri ondasunak (komunala)". Antolatzaileek gaineratu dutenez, "pasatako egoerek erakutsi digute, Sakanan gure gureak ditugun balio horiek inoiz baino beharrezkoago zaizkigu etorkizun partekatu bat berreraikitzeko". 

Sari parea
Sakandarrek sariketara hautagaitzak aurkezteko epea azaroaren 5era arte zabalik dago. Horretarako, sakanagaratzen.com webgunean dagoen galdetegia bete beharko du interesa duenak. Proposamenak egiterakoan, besteak beste, honakoak zehaztea eskatzen da: ekimenaren izena, ekimenaren sustatzailearen izen-abizenak eta kontaktua, ekimenaren azalpena eta proposamena egiteko arrazoia. 

Proposatutako ekimen guztien artean bi sari banatuko dira. Hautagai guztiak aztertu ondoren, Sari Nagusia epaimahaiak aukeratuko du. Hura ibarreko toki administrazioko 4 kidek, Guaixe fundazioko, Sakanako Enpresen Elkarteko, Bidelagun turismo elkarteko, Belardi ekoizleen elkarteko eta Sakanako Dendari, Ostalari eta Zerbitzuen elkarteko ordezkari banak osatzen dute. 

Sakana aipamen berezia sakandarrek botoa emanez erabakiko dute. Horretarako, aipatutako webgunean sartu beharko dute azaroaren 7 eta 20 bitartean. Han hautagaitzen berri emanen da. Botoa ematen duenak hautagaitza guztien artean hiru boto emateko aukera izanen du. Hori da aurtengo sariketako berrikuntzetako bat, joan zen urteko sariketaren balorazioa egiterakoan sakandarrek egindako ekarpena izan da.

Sakana Sariak Lakuntzako kultur etxean banatuko dira azaroaren 23an. Ekitaldia irekia izanen da, baina aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako, 647 864 239 telefono zenbakira hots egin edo info@sakanagaratzen.com posta helbidera mezua bidali behar da. 


Sakana saria jaso dutenak
         Urtea  Sarituak                                           Aipamen berezia

  • 2020  Jostunak eta Makerrak   
  • 2021  Arakilgo hazien sarea                     Biak Bat elkartea
  • 2022  Bakaikuarrok herri kooperatiba    Sakanako herri eskolak