Ignacio Ugalde Barberiak eta Aitor Larraza Carrerak, Nafarroako Gizarte Ekonomien Enpresa Elkartea eta Sakanako Garapen Agentzia ordezkatuz, elkarlan hitzarmena sinatu zuten astelehenean. Agiri sinatu berriak 2017an bi erakundeek abiarazitako elkarlan akordioari segida ematen dio. Larrazak azaldu zuenez, "Sakanako Estrategia Plana berritzean, gizarte ekonomia zeharkako elementu estrategiko izendatu zen. Sinatu dugun akordio honen helburu nagusia da konpromiso horri erantzutea eta gizarte ekonomiaren sustapenean pauso berriak ematea".
Ugalde, bestalde, Sakanan kooperatiba eta lan sozietateek duten presentzia garrantzitsua nabarmendu zuen. "Hori kontuan izanda, gizarte ekonomiaren sustapenean beraien parte hartzea bultzatu nahi da akordioaren bidez; besteak beste, ekimen berrien bidelaguntza edo mentoring programaren bitartez".
Sinatzaileek, beraz, Sakanan gizarte ekonomiari bultzada eman nahi diote. "Elkarlan ibilbide luzea" dutela azpimarratzeaz aparte, orain arteko ekimen esanguratsu gisa nabarmendu dituzte, besteak beste: Olatukoop eta REAS Nafarroarekin batera Nafarroan berritzailea izan zen KoopFabrika ekintzailetza kooperatiborako programa, 2019koa; Bakaikuarrok herri kooperatiba eta Kalaska kooperatiba sortzeko bidean emandako laguntza.
Saioa
Bi erakundeen arteko elkarlanaren fruituetako bat astelehenean izanen da, Lidertza Parte hartzailerako Eraginari buruzko Jardunaldia hartuko baitu Utzuganek 09:30etik aurrera. Saioa beraien ardurapean pertsonak dituzten edozein arlo funtzionaletako profesionalei zuzenduta dago, beraien karrera profesionalaren garapenean pertsonen lidergoan lortutako emaitzak garrantzitsuak direnendako. Bi ordu iraunen duen saioan, batetik, komunikatzaile gisa dituzun ahuleziak eta indarguneak ezagutuko dituzte parte hartzaileek. Eta, bestetik, beraien eragiteko gaitasuna hobetzen duten teknikak prestatzen ikasiko dute. Hala, taldea kudeatzeko modua hobetu nahi duten pertsonen erronkei erantzuna emanen zaie.