Lasterketa ugari jokatzen ari dira egunotan. Esaterako, urriaren 22an 19.490 korrikalarik parte hartu zuten 32. Valentziako Maratoi Erdian (21 km). Kibiwot Kandie keniatarra gailendu zen (57:40), eta nabarmentzekoa da Asier Estarriaga etxarriarra ikusgarri ibili zela, 176. sailkatu baitzen (1:10:40). Aipatzekoa da urriaren 6an jokatutako Donostiako Maratoi erdian hemezortzigarren sailkatu zela (1:14:11).
Egun berean, VII. Zubiri-Iruñea maratoi erdi arrakastatsua jokatu zen. 617 atletek lortu zuten proba bukatzea, Xabier Macias (1:08:49) eta Henar Etxeberria (1:24:09) buru zirela. Mikel Astiz ihabardarra seigarren iritsi zen helmugara (1:13:12). Emakumezkoetan, lehen sakandarra Elena Guzman izan zen (1:50:46).