Arabako Lautadako eta Sakanako EH Bilduko hautetsiak lastailaren 26an elkartu ziren, “asko baitira bi eskualdeei lotuta dauden komuneko proiektuak”. Alde batetik, mugikortasuna. Garraio publikoari dagokionez, nabarmendu zutenez, gaur egun “eskaintzen den autobus zerbitzuak gabezia asko ditu”. Trenari dagokionez, “tren soziala” aldarrikatu zuten, hau da, “Gasteiz eta Iruñea lotuko dituen aldiriko tren zerbitzua, herriei zein industria gunei zerbitzua eskainiko diena eta herriak lotuko dituena”. EH Bilduko kideek tren sozialarekin batera, Eurovelo bizikleta sarea eta KudeaGo ekimena bultzatu nahi dituzte. Aurrenak Europa osoa zeharkatzen duen bizikleta sarea da, atzena, berriz, autoa partekatzeko aplikazioa.
Tokiko garapenari dagokionez, hondakin organikoen kudeaketa eta hiltegia izan zituzten hizpide. Asparrenan dagoeneko martxan da Lautadari zerbitzua emango dion bio-hondakinen tratamendurako planta eraikitzeko proiektua eta Arbizun duela urte batzuk martxan dagoen azpiegiturari buruzko esperientzia trukaketa egin zuten. Bestalde, abian jarri da Okiturrin hegaztien eta ugaztun txikien hiltegia, horrek interesa piztu zuen Sakanan eta, ildo horretan, elkarlanerako konpromisoa berretsi zuten.
Azkenik, energia azpiegiturez ere aritu ziren. Izan ere, Sakana eta Lautada osotik pasako litzateke Zaragozan jatorria eta Gasteizen helmuga izanen duen goi tentsioko sarea. Kaltetutako herriek alegazioak aurkeztu zizkioten proiektuari, baina ingurumen inpaktuko azterlanak Espainiako Gobernuak aldeko irizpidea jaso du. Hala ere, energia ebakuatzeko 200 kilometroko linea bat egitea ez dute begi onez ikusten EH Bilduko hautetsiek.