Nafarroako Harakinen Gremioak antolatuta, XVII. Nafarroako Txistorra Lehiaketa jokatu zen lastailaren 29an. Iruñeko Arrosadia auzoan duen egoitzan eta aldameneko plazan izan zen lehiaketa. 43 harategik aurkeztu zituzten beraien txistorrak lehiaketara, joan zen urtean baino lau gehiagok. Epaimahaia gastronomia, ekoizle, ikerketa eta unibertsitate arloko hamabost kidek osatu zuten. Txistorrak dastatu ondoren, hamar finalistak aukeratu zituzten. Handik atera zen lehiaketako irabazlea: Uharte Iruñeko Iriguibel harategia. Bigarren aldia da Carlos Irigibel Lanzetak txapela jantzi duela, aurrena 2016an izan zen. Finalera iritsi zirenen artean bi sakandar zeuden: Patxi Galarza Larraioz, Irurtzungo Galarza Harategikoa eta Aitor Mariñelarena Mañeru, Etxarri Aranazko Mariñeletxe harategikoa.
Lehiaketaz aparte, antolatzaileek txistorraren inguruko festa ere antolatu zuten. Ospakizun horretan 150 kilo txistor banatu ziren. Pintxoa eta edaria euroan eskuratzeko aukera izan zuten. 4.000 txartel bi ordutan saldu zituzten. Ospakizunak aurkezpenetarako ere balio izan zuen: txistorraren Babes Nazional Iragankorraren izendapenaren baitan, Adierazpen Geografiko Babestua eta Nafarroako Txistorra izena duen etiketa. Nafarroako Gobernuaren Intia erakundeko hainbat ordezkari presente izan ziren eta etiketa horren berri eman zieten harakinei eta hartan interesa zutenei.