Euskaltzaleek Bilbon dute hitzordua

Guaixe 2023ko aza. 3a, 14:57

Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel LarraƱaga manifestaziorako deialdia egiten. UTZITAKOA

Euskalgintzaren Kontseiluak deitutako manifestazioaren bidez "botere judizialaren esku hartzeak" salatu, " euskararen normalizazioan aurrera egiteko" deia zabaldu eta "herritarron eskubideak erdigunean jartzeko" deialdia eginen da.

Iparraldean eta Nafarroan ohituta gaude euskararen biziberritzeari jarritako oztopoekin. Legeak, haien mugak, eragile batzuen jarrerak, epaiak... Horretara ohituta, Euskal Autonomia Erkidegoa (EAE) hizkuntzarendako babesgune bat bezala irudikatzen genuen. Baina han ere txakurrak hanka hutsik. Zeren Nafarroa bezala EAEn ere euskararen biziberritzea helburu duten neurrien kontra auzitegietatik jasotako sententziak areagotzen joan dira azken urteetan. Horietan guztietan botere judizialak euskararen ofizialtasunaren berrinterpretazio bat egiten ari dira, eta gaztelaniaren nagusitasuna zalantzan jarri dezakeen edozein neurri "Konstituzioaren kontrakotzat" jotzen hasi dira epaileak. Azken adibideak EAEko Udal Legearen eta garapen dekretuaren gaineko azken epaiek dira, euskararen normalizazioaren aldeko politika publikoak egiteko jokalekua deseraiki dutenak. Euskalgintzaren Kontseiluan argi dute "ez direla sententzia isolatuak, baizik eta botere judizialetik hizkuntza politika aurrerakoiak mugatzeko eta herritarron hizkuntza eskubideak murrizteko joera gorakorra: oldarraldi bat". Horregatik, Oldarraldiaren aurrean euskararekin bat, euskaraz bat leloa duen manifestazioa deitu du larunbaterako. Bilboko Euskaldunatik abiatuko da, 17:00etan. 

Bilbora joateko hiru arrazoi
Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusi Idurre Eskisabel Larrañagak azaldu duenez, "auzitegiak euskararen normalizaziorako politika publikoak bideratzen dituzten arau eta neurriak baliogabetzen ari dira, horrenbestez euskararen normalizazioa oztopatzen. Beste era batera esanda, botere judiziala ari zaigu hizkuntza politika egiten eta determinatzen; argi uzten nork duen azken hitza". Eskisabelek nabarmendu duenez, epai guztietan "elementu komunak daude: ukatu egiten da euskararen hizkuntza gutxitu eta zaurgarri izaera, eta, horrenbestez, politika publikoen bidez euskara sustatzeko premia eta betebeharra". Horren adibide argitzat EAEko Udal Legea garatzeko dekretuaren kontrako epaia jarri du. 

Eskisabelek euskaltzaleak Bilbora joatera deitu ditu, eta azpimarratu du euskara zaurgarritasun egoeran dagoen hizkuntza dela. Horregatik, "gertatzen ari dena are eta larriagoa da. Izan ere, munduaren egungo testuinguruan aurrera begirako erronkak biderkatu egin zaizkio euskarari eta euskaldunon komunitateari". Eskisabelek gogoratu duenez, "azken hamarkadetan gure errealitate soziolinguistikoa asko aldatu da, eta horregatik, euskalgintza aho batez ari da esaten azken denboretan jauzi bat behar dela hizkuntza politiketan. Diagnostikoa garbia denean eta tresna berri eta indartsuen premia erabatekoa, orain arteko lana eta adostasun sozialak ere eraisten ari zaizkigu". Hori dela eta, "epaiek eragingo dituzten atzerapausoak onartezinak" direla nabarmendu du; "euskararen normalizazioan aurrera egiteko momentua da, ez atzera egitekoa".

Aldi berean, Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak nabarmendu nahi izan du "pertsona guztiek beraien eskubideak bermatuak izan" beharko lituzketela. "Aldiz, egunero urratzen dira euskal hiztunen hizkuntza eskubideak. Euskararen normalizazioa oztopatzeak milaka herritarren hizkuntz -eskubideen urraketarekin segitzea dakar berarekin, eta, horrenbestez, justizia soziala, gizarte kohesioa eta bizikidetza kaltetzea". Horregatik, Eskisabelek ziurtatu duenez, "euskaldunek gainerako herritarren adinako eskubideak bermatuak izatea eskatzen dute, beste inori eskubiderik kendu gabe". Kezka du "sektore batzuetatik zabaltzen ari diren diskurtsoekin, herritarren hizkuntza eskubideak langileen eta lan eskubideen kontrakotzat" jartzen dituztenak. "Elkarren osagarri eta indartzaile diren eskubideak dira, sindikatuen eta lan arloko eragileen gehiengo zabalak azpimarratu bezala: langileek euskara ezagutzeko, lan jarduera euskaraz garatzeko eta lan harremanak euskaraz burutzeko eskubidea dute. Finean, hizkuntza-eskubideak lan eskubide ere badirelako", gaineratu du Eskisabelek.

Kanturako eta dantzarako gonbidapena
Ibilbidean osoan zehar hainbat kantujiratako taldek giroa animatuko dute eta jendeari indarrez kantu egitera gonbidatuko zaio. Manifestazioren akaberan, musikari ezagun batek kantu euskaltzale bat eskainiko du. Segidan, Eskisabelek hartuko du hitza. Eta, ondoren, Ihitz Iriartek Sustrai Colinak idatziriko bertsoak kantatu bitartean manifestariak soka-dantza dantzatzera gonbidatuko dituzte. Soka-dantzaren bitartez, euskararen komunitatearen talde lana irudikatuko da. Soka dantzako tutoriala labur.eus/ncHRR webgunean dago. Bukatzeko, Kontrapas abestia kantatuko dute manifestariek.