Anitzarteanek gobernuaren aitortza jaso du

Guaixe 2023ko aza. 9a, 09:00

Anitzarteanek antolatutako zurrumurruen kontrako sari banaketa hasi aurretik hizketan.

Sakanako Mankomunitatearen kulturartekotasun zerbitzuak Nafarroa Koloretan sariketako toki politikako aitortza jasoko du abenduaren 19an.

Nafarroako Gobernuko Etxebizitzako, Gazteriako eta Migrazio Politiketako Departamentuak sustatzen du Nafarroa Koloretan saria, aurten hirugarren edizioa duena. Haren bidez, kulturen arteko elkarbizitza eta arrazakeria nahiz xenofobiaren aurkako borroka sustatzen dituzten pertsona eta entitateak saritu nahi ditu. Aldi berean, elkarbizitza eta kultur aniztasuna Nafarroako garapenaren motor gisa azpimarratzen dituzten ekimenak ere saritu nahi ditu Nafarroa Koloretan sariak. 

Nafarroan bizi eta atzerriko jatorria duen pertsona migratzaile bati ematen zaio sari nagusia, urtean zehar biztanleria migratzaileak Foru Komunitatean duen balioa azpimarratu eta elkarbizitza sustatzeagatik. Departamentuak jakinarazi duenez, aurten Monica Yuk jasoko du Nafarroa Koloretan saria. Nafarroako Unibertsitate Publikoko Iruñeko Konfuzio Gelako arduraduna eta interprete profesionala da Yu. Epaimahaiak ebatzi du komunitate txinatarraren eta nafarraren arteko "zubi" lana egiten duela. 

Sariketa berean hainbat arlotako erakunde, elkarte eta jarduerek jasoko dute aitortza. Toki erakundeei dagokiena Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuarendako izanen da. "Kulturen arteko elkarbizitza eta kulturartekotasuna bulkatzeagatik" jasoko du saria. Epaimahaiak kontuan izan du ere ibarreko erakundeak migratzaileendako harrera programa duela 2006tik eta hiru urte geroago zerbitzua sortu zuela. "2009tik horretan etenik gabe denbora luzeen aritu den toki erakundea da Sakanako Mankomunitatea. Beste eskualdeendako eredu da".