Euskara praktikatu nahi dutenendako plana: Mintzakide

Guaixe 2023ko aza. 6a, 13:30

Hainbat mintzakide talde. ARTXIBOA

Sakanako Mintzakiden bederatzi talde hasi dira, beste bi hastear dira eta, nahi izanez gero, gehiago sor daitezke.

Talde txiki bat elkartu tabernan, elkartean, paseoa ematen, zinemaren ondoren, josteko hitzordua jarrita... Elkartu eta dena delakoari buruz hizketan hasi. Izan daiteke aktualitateari loturiko gairen bati buruz, izan daiteke politika, izan daiteke oraintsu ikusitako film bat, irakurritako liburu bat... Eta zergatik ez, baita herrian bolo-bolo dabilen azken txutxu-mutxua ere. Hizketan hasi eta ordu bat aritu. Astean ordu bat euskara praktikatzeko, konfiantzazko giroan eta bidelagun bat aldamenean dagoela. Horrela, hanka sartzeei beldurra galtzen diete parte hartzaileek, baita eta euskara eta jarioa hobetu ere.

Hori da mintzakide. Etxean, kuadrillan, lantokian, ikastetxean edo bere egunerokoan euskaraz hitz egiteko aukerarik ez duten baina hizkuntza praktikatu nahi dutenei zuzendutako programa da. Edo euskaraz hitz egiteko ohitura galdu eta berreskuratu nahi dutenendako. 

Euskal Herrian halako taldeetan 6.000 pertsona baino gehiago aritzen dira. Sakanan bederatzi talde dagoeneko hasi dira astero elkartzen, beste bik data zehazteko dute. Baina bakarren batek bere herrian edo beste ordutegi batean taldea sartu nahi badu 600 482 024 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidali edo sakana_mintza@aek.eus e-posta helbidera idatzi dezake. Mintzakiden parte hartzea musutruk da. Programaren ardura Sakanako Mankomunitateko Euskara Zerbitzuak eta AEK-k dute.

Momentuz dauden mintzakide taldeak
Irurtzun  

Astelehenetan, 18:30ean, Iratxo elkartean.

Ostegunetan, 09:00etan, Pikuxar elkartean.

Ostiraletan, 19:00etan, Pikuxar elkartean.

Lakuntza 

Asteazkenetan, 18:15ean, herrian zehar (eguraldiak uzten duen bitartean).

Arbizu 

Astearteetan, 16:30ean, kiroldegiko tabernan.

Etxarri Aranatz

Eguna eta ordua zehazteke.

Altsasu

Astelehenetan, 10:00etan, liburutegian.

Astelehenetan, 16:00etan, Gautxori tabernan.

Ostegunetan, 20:00etan, Lezea tabernan (Altsasuko euskara).

Ostiraletan, 09:00etan, Kaixo tabernan.

Ziordia  

Eguna eta ordua zehazteke, liburutegian.