Eusko Alderdi Jeltzalearen Napar Buru Batzarrak (NBB) 2019-2023 legegintzaldian Nafarroako erakundeetan kargu publikoak bete dituzten alderdikideen eta gaur egun ardura hori dutenen eskuzabaltasuna, lana eta konpromisoa aitortu ditu. Horretarako, propio, ekitaldia antolatu zuen azaroaren 4an, larunbatean. Geroa Bai koalizioan parte hartuz alderdiak dituen kargudun publiko guztiei oroigarri gisa, opari txiki bana eman zien NBBk.
Jeltzale nafarren presidente Unai Hualde Iglesiasek adierazi zuenez, "antolatutako ekitaldi txiki eta aldi berean zintzoa da, egin nahi dugun omenaldi sentitua, Alderdiaren alde lan egiten duzuen eta aurpegia ematen duzuen pertsonei egiten dizuegun aitortza. Dagokizuen erantzukizunetik, egunez egun, herriz herri, udaletan, Nafarroako Parlamentuan eta Foru Gobernuan pertsonen bizitza hobetzen lagundu duzue", gaineratu zuen.
Ildo horretan, Hualdek nabarmendu duenez, "hori da EAJren ekintza politikoaren ardatza: pertsonen bizitza hobetzea, eta helburu hori lortzeko inplikatzen gara EAJko herri kargudunok". Gaineratu zuenez, "hori da politikaren funtsa, eta hori da, hain zuzen, gu lako pertsonak politikara bultzatzen gaituena, ondo dakizuen legez lan honek badakarrelako hainbat bidesari ordaindu behar izatea. Baina, alderdi pozgarria ere badu, eta nik gaur hemen aldarrikatzen dut. Pozgarria delako zure inguruko jendearen eta gizartearen bizitza hobetzen laguntzen dizun zerbaitetan aritzea, gure kasuan Nafarroarentzat eta bertan bizi garenontzat etorkizun hobea lortze aldera", adierazi zuen.
NBBren presidenteak "Nafarroako herri kargudunek Nafarroako esparru abertzalearen defentsan eta garapenean, gure kulturaren eta hizkuntzaren defentsan, edo gure autogobernuaren defentsan eta garapenean jarri dituzten ilusioa, enpatia, zintzotasuna, seriotasuna eta konpromisoa" aldarrikatu zituen. "Azken urteotan, Geroa Bai koalizioan parte hartuz, inoizko ordezkaritza instituzional handiena du alderdiak Nafarroan. Harro eta harro egoteko arrazoia. Maila guztietan", adierazi zuen.
Azkenik, Hualdek ohartarazi zuenez, "ez dira garai errazak demokraziarendako eta politikarendako, inguruan ditugun diskurtso autoritario eta populista horiekin", eta "horren aurrean, inoiz baino gehiago behar dugu politika herritarrengana hurbiltzea, desafekzioari aurre egitea eta erakundeen eta gizartearen arteko kohesio handiagoa bilatzea. Horretarako, ezinbestekoa da kargu publikoek egin duzuen eta egiten duzuen lana", gaineratu zuen.