Atletismoa

Israel Arbizu eta Mikel Astizen Hiru-Herri, Nafarroako Kluben Arteko Kros txapelduna

Guaixe 2023ko aza. 13a, 09:50

Israel Arbizu, Iruñeko Kroseko momentu batean, taldeburu. PEDRO ABOITIZ

Bi sakandarrak Top 10ean sailkatu ziren: Israel Arbizu bederatzigarren eta Mikel Astiz hamargarren

Azaroaren 5ean Iruña Kirolak klubak antolatutako II. Iruñeko Krosa jokatu zen, aldi berean Nafarroako Kluben Arteko Txapelketa, eta Nafarroako Kirol Jokoen Taldekako Txapelketako azken saioa izan zena. Goiz hotzean, 600 korrikalari baino gehiago bildu ziren Lezkairuko zelai lokaztuetan Nafarroako Txapelketan parte hartzeko prest, eta ikuskizun bikaina eskaini zuten.

Iruñeko Kroseko lasterketa nagusiak 7,5 km zituen eta korrikalariek nahikoa lan izan zuten geroz eta lokaztuagoa zegoen ibilbidean. Nahiz eta lasterketa Beste Iruñako Andoni Acebedok irabazi (28:48), Hiru-Herri kluba izan zen nagusia eta Nafarroako Kluben Arteko Kros Txapelketako irabazlea, Top 10-ean Klub horretako zortzi korrikalari sailkatu baitziren, bi sakandar tartean. Israel Arbizu etxarriarra bederatzigarren sailkatu zen (30:02), eta Mikel Astiz ihabardarra hamargarren (30:03). 

Gainontzeko sakandarrei dagokienez, Iraitz Senar (Beste Iruña) hamabosgarren sailkatu zen (30:52); Sergio Garcia de Eulate (Dantzaleku) 23. (31:35); eta Adur Senar 60. (37:02). 

Emakumezkoetan Grupompleo Pamplona Atletico taldeko Alicia Carrera izan zen Iruñeko Kroseko  txapelduna (33:30), eta Hiru Herri Nafarroako klub txapelduna. 

Dantzalekuko txikienak, bikain
Nafarroako Kirol Jokoen Nafarroako Taldekako Txapelketan, 16 urtez azpiko mailan, gizonezkoetan, Dantzaleku Sakana Atletismo Kluba hirugarren sailkatu zen. Victor Fernandez izan zen Dantzalekutik sailkatu zen lehena, hemeretzigarren postuan. 10 urtez azpiko mailan, gizonezkoetan eta emakumezkoetan, laugarren postuan sailkatu zen Dantzaleku Sakana. Amets Larrion, seigarren, eta Milenka Jaka, hamabosgarren, izan ziren Dantzalekutik sailkatu ziren lehenak. 

Aipatutakoez gain, Iruñeko Kroseko Top 10 kontuan hartuta, 14 urtez azpiko gizonezkoetan Dantzalekuko Ekhi Guirado zazpigarren sailkatu zen, eta Aratz Mendoza zortzigarren.