Patata operazioak uzta jaso

Guaixe 2023ko aza. 14a, 09:29

Patatak jasotzen Arbizun. ARTXIBOA

Behartsuen haurrideak kongregazioko asiloarendako izan ziren jasotako jakiak eta dirua. 

Iruñeko Algara peñako kideek Urdiain eta Satrustegi artean jaki bilketa egin zuten azaroaren 5ean. Patata Operazioa izeneko ekimenaren bidez tona bat patata, 500 kilo kuia, sagarrak, intxaurrak, tipulak, porruak, zerbak, txistorra eta bestelako jakiak ere jaso zituzten. Baita 430 euro ere. Ekarpena egin zutenek kongregazioaren egutegia jaso zuten opari. 

Peñako kideak megafonia bidez, karrakari eraginez eta bozina joz haien iritsieraren berri eman zuten herrietan. Uharte Arakilen ez zuten halakorik egin behar izan, Donibane jubilatu elkarteko kideek haien lana egin zutelako, eta jasotakoa zuzenean eman zieten. Elkarlan horregatik oso eskertuta daude peñakideak, "dagoeneko peñakideak dira". 

Sei hamarkada
Julen Zelaia Zazu peñakideak nabarmendu zuenez, "garrantzitsuenak emaileak dira, sakandarrak, ahal duten neurrian jakiak edo dirua ematen dutenak". Gogoratu zuen kongregazioaren asiloan baliabiderik ez duten adinekoak bizi direla. Zelaiak azaldu zuenez, Kongregazioak Iruñeko Gipuzkoa etorbidean duen egoitzaren parean jarri zuten hitzordua 08:00etan. Handik Urdiainerantz abiatu ziren. Etxarri Aranatzen gosaldu ondoren segitu zuten bilketarekin. 16:00ak pasata iritsi ziren Iruñera. "Aspaldi 22:30ean iristen ziren. Beste garai batzuk ziren". Esaterako, XX. mendeko 70. hamarkadan 80.000 kilo patata ere jaso zituzten. Orduan Sakanakoaz aparte beste ibilbide batzuk ere egiten zituzten. "Gaur egun herrietan jendeak industrian lan egiten du eta oso baratze gutxi lantzen dira". 

Patata operazioak aurten 60. edizioa bete du. 1962an hasi zen eta ordutik bitan besterik ez da eten: egoitza tokiz aldatzean eta 2021ean, pandemiagatik. Azaldu duenez, "hasieran Anaitasuna peña aritu zen. Baina jarraitzeko jenderik ez zuen eta lekukoa pasa zigun. Ordutik Iruñeko Algarakoak ari gara bilketa egiten". Zelaiak 41 urte darama Patata Operazioan parte hartzen, 21 urterekin aritu zen estreinakoz jaki bilketan.

Zelaiaz aparte, igandean ere lanean izan ziren Fernando Setoain, Jon eta Eneko Flamarique Benjamin Rekarte eta Txaro Uharte peñakideak. Haiekin batera egoitzako langilea den Migel Gaztelu eta Abaigar eraikuntza enpresako kamioia gidatu zuen Gabriel Martinez ere etorri ziren.