Sakana Sarietarako zortzi hautagai

Guaixe 2023ko aza. 13a, 09:00

Joan zen urtean banatu zen saria. ARTXIBOA

Azaroaren 23an, osteguna, eginen dute sari banaketa gala, Lakuntzako kultur etxean. Sakandarrek gogoko hautagaitzei botoa emateko garaia iritsi da. Gutxienez bi hautagaitzaren aldeko botoa eta gehienez hiruren aldekoa eman daiteke azaroaren 20ra arte.

Sakanako Sozioekonomia Behatokiak sustatzen du Sakana Sariak, aurten laugarren edizioa dutena. Haren bidez, ibarrean gizarte, ingurumen edo ekonomian eragin positiboa izan duen erakunde edo ekimen kolektiboak aitortu nahi dira, irabazi asmoa izan edo ez. 

Bi sari banatuko dira. Hautagai guztiak aztertu ondoren, Sari Nagusia Behatokiko kideek osatzen duten epaimahaiak emanen du. Sakana aipamen berezia, berriz, sakandarren botoen bidez erabakiko da. Sariketara zortzi hautagaitza aurkeztu dira. Gogokoena babesteko www.sakanagaratzen.com/eu/ web gunean sartu behar da. Aurtengo berritasuna da boto bakarra beharrean bi edo hiru boto eman daitezkeela. Horretarako hilaren 20ra arteko epea dago. 

Sarituak zein diren azaroaren 23an, 19:00etan, jakinen da, Lakuntzako kultur etxean eginen den ekitaldian. Ekitaldia irekia izanen da, baina aldez aurretik izena eman behar da. Horretarako, 647 864 239 telefono zenbakira hots egin edo info@sakanagaratzen.com posta helbidera mezua bidali behar da. 

2023ko Sakana Sarietarako hautagaiak

Ziordia Running taldea

Kirol eta elkartasun proiektua 
Lau ziordiarrek "Ziordia running" izeneko herri lasterketa antolatu eta bultzatu zuten 2014an. Harrezkero, gero eta ospe handiagoa hartu du lasterketak Espainian, eta 500 lagun inguruk parte hartu dute. Hainbat elkartasun jarduera sustatu dituzte. Esaterako, lasterketan izena emateko elikagaiak biltzea ondoren Paris 365 jantoki eta biltegi solidariori emateko. Hala, 1.500 kilo elikagai bildu dituzte. Gainera, urteotan elkartasun ekimenendako 80.000 euro baino gehiago jaso ditu. 

Josefina Arregi fundazioa

Suspertze funtzional eta kognitiboko etxez etxeko geriatria zerbitzua 
Beren etxeetan artatuz, hainbat arrazoirengatik gizarteratzeko arazoak dituzten adineko pertsonei eguneroko jarduera normalizatua berreskuratzeko aukera ematen zaie. Pertsona horiek ezin zuten Fundazioak eskaintzen zituen zerbitzuetara sartu, eta, beraz, isolamendu, mendekotasun eta abarreko bide batean zeuden. Fundazioak erabaki zuen pertsona horiengana hurbiltzea, haien etxeetara, benetan behar gaituzten lekuetara. 2021etik 1250 esku-hartze baino gehiago egin ditu, eta bi lanpostu sortu dira. 

Haize Berriak banda

Musika elkartea
Sakanako musika banda da Haize Berriak, ibarreko bost musika eskoletan hezitako musikariekin osatutako musika elkartea da. Bere jarduera Sakanako herri eta kontzeju guztietan garatzen da, bertako hainbat elkarterekin elkarlanean. Ibarreko berezko folklore musika eta herri doinuak berreskuratzen, kontserbatzen eta zabaltzen lan egiten du. Horretaz aparte, Sakana osoko gizarte eta kultur arloko kohesio tresna aktiboa izan nahi du Haize Berriak bandak. Joan zen urtean ibarreko musika elkarteak mende laurdeneko ibilbidea ospatu zuen. 

Sakanako musika eskolak

Udal kultur zerbitzua
Sakanan bost musika eskola daude: Irurtzunen, Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Altsasun eta Olatzagutian. Eskola horietako bakoitza dagokion udalaren mendeko administrazio-izaerako erakunde autonomoa da. Eskola horiek musika eta kultura sustatzeko lana egiten dute, musika-irakaskuntzaren bidez, eta batez ere gazteengan jartzen dute fokua. Haien jarduna ez da ikasgelako lau pareten artean gelditzen, eta kalera edo eszena tokietara ere eramaten dute. Bost musika eskolek inguruko herrietako ikasleak hartzen dituzte. Eta hainbat sakandar musika ikasketetan sakontzeko, kontserbatoriorako bidean jarri dituzte.

Pikuxar elkartea

Euskararen sustapenerako elkartea
Pikuxar elkarteak urteak daramatza herrigintza, kulturgintza eta euskararen alorrean lanean eta Irurtzun inguruan nahiko erreferentea bilakatu da bertan antolatzen dituen hainbat jarduerengatik (gau beltza, kontzertuak, irteerak, erakusketak, tailerrak...). Bestetik, 2021ean jauzi kualitatiboa egin zen, auzolanean egokitutako erakin berrira aldatu zirenean. Eraldaketa honen ondorioz, herriaren erdialdeak beste egitura bat izatea lortu da, plaza berri batekin eta zonalde irekiago batekin. Honek bazkide gehiago izatea eta herrian elkartearen eragina handitzea ekarri du.

Done Jakue bidearen lagunak

Kultur elkartea
2015az geroztik, Done Jakue bidearen lagunak Sakanako Done Jakue Bidearen berreskurapen prozesuan aitzindariak izan dira. 2022an Sakanako zatia Nafarroako bosgarren bidea gisa ofizialki onartua izateko sustatzaile nagusietako bat izan da elkartea. Donejakue bidearen ezagutza, berreskurapena eta balioan jartzea sustatzeko asmoz sortu zen elkartea. Helburuak betetzeko hainbat ekimen egin dituzte, esate baterako: ezagutza-martxak, jardunaldiak, hitzaldiak, seinaleztapena eta ibilbide-seinale mantentze-lanak, webgunean zabaltzeko edukiak sortzea...

Zabalarte mendi elkartea

Mendi elkartea
Herritarren arten mendizaletasuna sustatzeaz aparte, Lakuntzako Zabalarte mendizale elkarteak herriko ondarea berreskuratzea du helburuetako bat. Horren adibide da auzolanaren bidez herri lurretan dauden ganbelak identifikatu eta berreskuratzeko proiektua. Proiektu horren bidez, hainbat alderdi balioesten dira, hala nola euskara, toponimia eta natur baliabideak, herritarren parte hartze irekiarekin, ingurumen eta kultura sentsibilizazioan sakonduz.

Sakana Harrera Harana

Errefuxiatuei laguntzeko boluntarioen taldea
Elkar ezagutzen ez zuten sakandarrek sortu zuten taldea 2017ko hasieran. Taldearen helburua errefuxiatuei laguntzea da. Ordutik, Kiosen, Idomenin, Lesbosen eta beste hainbat tokitan errefuxiatuei laguntzen izan dira, mugak irekitzeko karabanetan parte hartu dute, hitzaldiak, erakusketak, kontzentrazioak eta manifestazioak antolatu ditugu, Sakanako hainbat herritan egiten diren munduko arrozetan parte hartu dute, mozioak aurkeztu dituzte udaletan, errefuxiatuen alde egin diren ekitaldietan parte hartu dugu. Anitzartean kulturarteko zerbitzuarekin elkarlan estua du. Sei elkartearekin ibarreko errefuxiatuei formakuntza eta integrazio ekimenetan lagundu du boluntarioen sare zabal batek.