Gaitu kanpainak euskarazko milaka ahots behar ditu

Guaixe 2023ko aza. 14a, 09:00

Teleknologia berriak euskara ikasteko auzolana da kanpaina. UTZITAKOA

Teknologia berrietan euskararen presentzia sustatzeko, euskal hiztunen ahotsak grabatu nahi ditu Gaitu kanpainak Gaitu.eus webgunean. Ahotsa horien artean ere sakandarrena espero dute antolatzaileek.

Sare sozialetan, telebistan, irratian, idatzizko komunikabideetan, publizitatean eta baita jendearen arteko elkarrizketetan ere Gaitu kanpainaren berri izaten ari gara egunotan. "Gaitu kanpainak euskarazko milaka ahots behar ditu", "Gaitu.eus webgunera sartu eta euskarazko grabazioa utzi"... handik eta hemendik borborka dabiltza mezuak.

Gaitu.eus
Eusko Jaurlaritzak, Nafarroako Gobernuak eta Euskararen Erakunde Publikoak jarri dute martxan Gaitu izeneko kanpaina. Kanpainak Batu ditzagun gure ahotsak du leloa, eta Donostian aurkeztu zuten. Kanpainaren helburua eremu digitalean euskararen presentzia handitzea da, eta, kasu honetan, euskarazko ahotsak dira behar dituztenak, "milaka ahots". Gaitu.eus webgunea aktibatu dute horretarako, eta euskaldunei bertan sartzeko deia egin diete, euren ahotsa grabatu ahal izateko. 

Kanpaina abenduaren 3ra bitartean sustatuko dute. Hain zuzen ere, Euskararen Egunean despedituko da. Tarte horretan, webgunea ezagutaraziko dute, teknologia berrietan euskararen presentzia sustatzearen garrantziaren berri emango dute, eta hainbat egitasmo zehatz martxan jarriko dira. Esaterako, jendearen ahotsak grabatzeko maratoiak, mugikorra eta ordenagailuko nabigatzailea euskaraz konfiguratzeko kanpaina. 

Bi lan
Gaitu webgunean sartuz gero, bi eginkizun proposatzen zaizkie bertan sartzen direnei. Batetik, idatzita dagoen esaldi bat irakurtzea, ozenki grabatzen den bitartean. Nahi adina esaldi graba daitezke. Bestalde, beste hiztunek grabatutako esaldiak balioztatzea. Hori ere nahi adina aldiz egiteko aukera dago.

Ahots sakandarrak ere
Antolatzaileek ekimenean parte hartzera deitu dute. "Milaka ahots behar ditugu, milaka grabazio ordu euskaraz. Hortaz, zenbat eta ahots gehiago lortu, hobeto". Izan ere, hizkuntza gutxituak ez daude enpresa teknologiko handien asmoetan, eta hiztunen komunitateek aparteko ahalegina egin behar dute hor toki bat egiteko, bide propioa eginez.

Software librea
Librezale elkartea eragile da Gaitu proiektuan. Ahotsak biltzeko Common voice izeneko ekimen irekia erabiltzen ari dira. Irabazi asmorik gabekoa da, kolaboratiboa, eta orain "masiboa" bihurtu nahi dute. Ildo honetan, software librearen bidez garatutako sistema baten bidez jardutearen garrantzia nabarmendu dute. Haien esanetan, hizkuntza gutxituek aukera gehiago dituzte bide hori aukeratuta, eta hizkuntza asko egiten ari dira hautua. Aurkezpenean azaldu zutenez, 105 hizkuntzatan hasiak dira sistema horren bidez ahots ekarpenak egiten.