Elikagaiak bota beharrean, berrerabili

Guaixe 2023ko aza. 10a, 14:58

Pikuxar tabernan zerbitzaria, pintxoak eta jendea. ARTXIBOA

Hondakin gehiago ez sortu eta egoera onean dauden elikagaien berrerabilera sustatzeko, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak Pintxo Pote Jasangarria antolatu du. Tabernek dendek eta ekoizleek emandakoekin sortu dituzte pintxoak.

Sakana alimentariak emandako arto irina eta esne hautsa. Lacturaleren gazta erdiak. Altsasuko Amaya eta Ogiberri okindegien ogia. Irurtzungo Galarza harategiaren txerri gibela. Altsasuko Eroski supermerkatuaren haragi eta arrain izoztuak. Eta parte hartuko duten taberna batzuen soberakinak. Osagai horiekin pintxo pote jasangarria eskaini zuten atzo Altsasuko Kaixo, Irubide, Gure, Lemik, Arkangoa eta Lezea tabernetan. Gauza bera eginen dute gaur Irurtzungo Pikuxar, Lakuntzako Sorgiñak, Kale Txiki eta Tximonena, Arbizuko eta Etxarri Aranazko kanpinak, Etxarri Aranazko Iratxo, Derry eta Leku Ona, Urdiaingo Kaluxa eta Olatzagutiko Barandi tabernek. Guztira jakiak berrerabiltzeko hamazazpi esperientzia. Guztietan ere pintxo pote jasangarriaren kontzeptua ikustarazteko euskarriak izanen dira.

Eta horretarako amua Sakanako Mankomunitateko Hondakinen Zerbitzuak jarri zien taberna, dendari eta ekoizleei. "Egoera onean dauden elikagaiak berrerabiltzeak dakartzan onurez kontzientziatu nahi ditugu. Elkarrekin harremanetan jarri ditugu beraien produktuak trukatu eta pintxo pote berezia eskain dezaten", azaldu du Olatz Garde Mazkiaran hondakin teknikariak. Azaldu duenez, "ibarreko lehen sektoreko ekoizleei eta janari dendei proposatu genien beraien ekoizpena aztertzea eta janari soberakinak antzematea". 

Horrekin batera, haiei eta ostalariei aprobetxamendu sukaldaritzaren berri eman zieten. "Sukaldaritza mota horrek soberakinak erabiltzen ditu plater bat egiteko. Edo normalean janaria prestatzeko erabiltzen ez diren landare baten zatiak, eta horrekin errezeta berri bat sortzen du". Gardek azaldu duenez, "praktika horrekin janaria alferrik galtzea saihesten da, eta, beraz, ingurumenarekiko jasangarriagoak gara. Izan ere, tokiko produktuak kontsumituz gas isuriak murrizten dira. Gainera, pintxo-potea baxera berrerabilgarrian zerbitzatzen da. Aldi berean, errezeta harrigarri eta berriak ezagutzeko aukera ematen digu. Eta, azkenik, hondakinak bereizten ditugu". Datu pare bat ere eman ditu Gardek: sakandar bakoitzeko urteko 131 kilo elikagai alferrik galtzen dira. Horien %56 etxeetako elikagaiak dira". 

Sustatzaileek jakinarazi dutenez, "kanpainaren ondorengo edizioetan pintxo lehiaketa bat egiteko asmoa dago, primerako epaimahai batekin, aprobetxamendu bazkariaren aste berezi baten barruan". Bitartean, ekimenarekin bat egin dutenei esker, sakandarrek atzo eta gaur aprobetxamenduzko produktuekin egindako pintxoak dastatzeko aukera izan dute. 

Proiektua
Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuaren egitasmo hori Zu ere influenzerra zara proiektuaren baitakoa da. Haren bidez kontsumitzaileei erakutsi nahi zaie hondakinei lotutako arazoak arintzen lagun dezakeela, beraien banakako ekintzen garrantziaz jabetu daitezela. 

Ekimen horren baitan besteak beste objektuak konpontzeko tailerrak egiten ari dira, arropa josteko eta tuneatzeko tailerrak egin dira, Publizitatea ez pegatinak banatuko dira, arropa trukatzeko saioak antolatu dira, aprobetxamendu sukaldaritzari buruzko bideoak eginen dira Iñaki Urrestarazurekin, edukiontzi berde bat zer botatzen den jakiteko karakterizazio publikoak eginen dira Pantxika Lamurren laguntzarekin, eta Sakanako Ekonomia Zirkularraren Gida banatuko da. 

Ekimenok 35.206 euroko aurrekontua dute, Nafarroako Hondakinen Funtsak ordaindu duena, hondakindegira isurtzen diren hondakinengatik kobratzen den zergarekin sortutako funtsarekin hain zuzen.