Astekaria

Beriaindik Aconcaguara

Maider Betelu Ganboa 2023ko aza. 16a, 10:19

Amaiur Ginea, Joseba Aldaz, Eneko Otsagabia eta Odei Juango, Beriainen. UTZITAKOA

Eneko Otsagabiak, Amaiur Gineak, Joseba Aldazek eta Odei Juangok abenduaren 1ean hasiko dute Aconcagua (6.962 m) igotzeko abentura handia. Andeetako mendi mitikoaren esperientzia bizitzeko “irrikaz” daude

Abenduaren 1ean Sakanako laukote batek hegazkina hartuko du Madrilen, Atlantikoa gurutzatu eta aspaldiko ametsa gauzatzeko: Argentinako Mendoza probintziako Aconcagua (6.962m) mendi mitikoa igotzeko esperientzia bizitzea. Eneko Otsagabia Letamendia lakuntzarrak, Amaiur Ginea Berastegi arbizuarrak, Joseba Aldaz Lopez de Goikoetxea olaztiarrak eta Odei Juango Valera lakuntzarrak antolatutako Beriain Akonkagua Sakandar Mendi Espedizioa 2023 martxan dago. 

Eneko Otsagabia Letamendiak aitortu duenez, “aspalditik” zuen buruan Aconcaguara joatea. “Lagun batek eta biok Aconcaguako espedizioa martxan jartzea erabaki genuen, eta hariak mugitzen hasi ginen. Bidean Amaiur Ginea, Joseba Aldaz eta Odei Juango batu zitzaizkigun, baina hara nola diren kontuak, azkenean hasierako lagun hori ez da etorriko”. 

Halako saltsan sartzeko, ez dira nolanahiko mendizaleak. “Orain arte ez gara horren mendi altuetan ibili, baina batzuek gehiago, beste batzuek gutxiago, laurok Alpeetan ibili gara. Nik Kilimanjaro (5895 m) igo nuen 2017an, eta gutxi gorabehera halako espedizio baten atzean zer dagoen badakit. Hau beste pauso bat da, ia 5.900 metrotik ia 7.000 metrora beste espaloi edo eskailera bat badagoelako, baina badakigu gauzak nola egin behar diren. Ez genekiena dakitenei galdetu diegu, esperientziadun ezagunak baititugu, eta espedizioa prestatzen ari garela ikasi dugunarekin, aurrera”. 

Urtebete
2022an hasi ziren beharrezko informazioa lortzen eta beharrezko tramiteak egiten. Aconcagua parke naturala da, Aconcagua parke probintziala, hain zuzen ere. “Bertan sartzeko asegurua behar duzu, zerbait gertatuz gero helikopteroa bidaliko dutela bermatzen baitu, eta dagoeneko kontratatuta dugu. Parke naturalean sartzeko baimena eskatu beharra dago baita ere, nahikotxo balio duena. Baimena eskatuta dugu, Mendozako gobernuan, 25 eguneko epekoa. Eta bidaia ere lotuta dugu, jakina”. 

Abenduaren 1ean hegazkina hartu eta Txilera iritsiko dira, Santiagora. Hamabi orduko bidaia izango da. “Mendozan aireportua dago, baina bertara iristeko bidaian bi eskala egin behar genituen, eta bidaia luzeagoa eta garestiagoa zen. Santiagon lur hartu, autobusean igo, eta zortzi ordutan Mendozara iritsiko gara”. Abenduaren 4an Los Penitentesera heldu, lo egin, eta abenduaren 5ean Aconcaguako parkean sartuko dira. “Orduan hasiko da benetako abentura”. 

Pisua, mando gainean
Aconcaguara, ahal dela, euren kabuz igo nahi dute. “Nahi izanez gero, gidaria kontrata daiteke, eta pixka bat ordainduta pisua oinarrizko kanpamendura eramateN laguntzen duten zamaketari antzekoak baita ere. Baina guk ez genuen hori nahi. Ahal dugun guztia guk egitea nahi dugu, espedizioa gure baliabideekin aurrera ateratzea. Baimenaren kudeaketan laguntzeko zerbitzua kontratatu genuen, eta kontratu horren barruan zama oinarrizko kanpamendura igo ahal izateko mando bat dagokigu. Beraz, pisu handiena, elikagaiak eta bestelakoak, mandoak eramango ditu. Hortik aurrera, guztia gure kontu”. Elikagaiak eta ura Argentinan erosiko dituzte. 

Aconcaguako espedizioa, arazorik ez badago, hamabost egunetan egin daiteke. “Hamalau-hamabost egun kalkulatzen dira, baina guk, badaezpada, parkean egoteko 25 eguneko baimena eskatu dugu. Hainbat faktore gerta daitezke: eguraldi txarra, altuerari aklimatatzeko arazoak... Uste dut ez zaigula horrenbeste kostatuko, baina, luzatzen bada, ez dago arazorik”. 

Eneko Otsagabia: "Aconcaguako esperientzia bizitzea, hori da helburua"

Altuerara egokitu
Aconcaguako parkean sartu eta lehenengo lana altuerara egokitzea izango da. Horretarako, gorputza gehiegi ez estutu eta ongi hidratatzea ezinbestekoak dira. “Esan digutenez, Aconcaguan lasai ibili beharra dago. Oinez ibiltzen garen tartean, geldi ibili behar gara, gorputza gehiegi ez azeleratzeko eta pultsazioak ez igotzeko. Lasai ibili, eta ongi hidratatu. Horrela askoz errazagoa omen da ongi aklimatatzea. Kilimanjaron ere hala egin nuen. Azkeneko astean suabeago entrenatzeko esan digute, garrantzitsuena bertan palizarik ez hartzea delako”. 

Mendira joanez ari dira entrenatzen. “Motxilan pisua sartu, eta mendira. Pirinioetara nahikotxo joan gara”. Norberak bere lana eta bizitza du, eta ezin dira nahieran elkartu. “Beraz, tarteka elkarrekin joaten gara entrenatzera joateko, baina gehienetan norberak bere kabuz entrenatzen du”. Sasoiari dagokionez, azken urtean zenbait arazo izan dituzte, menisko ebakuntzak eta infiltrazioak tarteko, “baina orain ongi gaude. Laurak ongi entrenatzen ari gara, eta sasoitsu gaude”. Dena den, jakitun dira altuerak ez diela guztiei berdin eragingo. “Kontu handia izan beharko dugu horrekin. Agian oso indartsu irits gaitezke, baina altuerarengatik ongi ez egon. Pixkanaka ikusi beharko dugu. Ildo honetan, laukoa talde polita da. Bat ez bada altuerara ongi egokitu, beste bat jaitsi daiteke berarekin egotera. Halako egoerak aurre egiteko abantaila da”. 

Eneko Otsagabia: "Urruti zirudien, baina hiru astetan bagoaz. Orduan hasiko da abentura"

Esperientzia bizi
Laukotea “oso animatuta” dago, data gerturatu ahala “pozik eta gogotsu. Ez dut inor bereziki kezkatuta ikusten”. Helburua oso argi dute: Aconcaguako esperientzia bizitzea. “Estatistikoki laurak goraino igotzea zaila da. Horren jakitun gara. Agian espero ez ditugun faktoreengatik ez dugu lortzen, baina hori ez da gure helburu nagusia. Guk hango esperientzia bizi nahi dugu: oinarrizko kanpamenduan egon, handik igoera planifikatu, eta, ahal bada, gailurrera iritsi. Lortzen badugu, bikain; baina, bestela, esperientzia hori ere biziko dugu: hotza pasatzea, buruko minak izatea, sufritzea... espedizioaren parte direnak. Aconcaguako espedizioko esperientzia bizi nahi dugu, mundu hori barrutik ezagutu”. 

Aconcaguan, oinarrizko kanpamendua 4.350 metrotan dago eta Plaza de Mulas deritzo. Beste kanpamenduak Plaza Canada (5.050 m), Nido de Condores (5.560m), Berlin edo Colera (5.900 m) eta Independencia (6.300 m) dira. Altuerari egokitzeko, lehenik eta behin Cerro Bonete mendia igotzeko asmoa dute sakandarrek. Ondoren ekingo diote Aconcagua igotzeari. “Normalean jendeak oinarrizko kanpamenduaz gain beste bi kanpamendu erabiltzen ditu gailurrera iristeko. Guk oraindik ez dakigu zein erabiliko ditugun; eguraldia eta unean uneko faktoreak kontuan hartuta erabakiko dugu. Ziurrenik Nido de Condores eta Berlin izango dira, baina bertan erabakiko dugu”.  

Aconcagua, mendi hotza
Abenduan neguan sartuko gara Sakanan, baina Argentinan uda izango da. “Laurondako errazagoa litzateke gure udako oporrak Aconcaguara joateko baliatzea. Baina orduan han negua litzateke, eta ez genuen aparteko arriskurik hartu nahi. Beraz, zubi forala eta Gabonetako oporrak baliatuta, lantokietan orduak aurretik sartu edo eskatu ditugu, eta hilabetea osatu dugu”. 

Nahiz eta uda izan, altuera horretan, prezipitazioak, baldin badaude, elurrezkoak izango dira. “Aconcaguan haize handia egoten da eta horrek mendia garbitu egiten du. Horregatik, baldintza normaletan ez da mendi oso elurtsua. Baina egiten badu, elurra izango da eta elurretan arrastoa egin beharko dugu”. Horregatik material egokia eramango dute. “Kranpoiak, kaskoa, elurretan lotuta joateko soka, pioleta eta neguko arropa ona emango dugu, oso mendi hotza dela esaten baitute”. 

Beriain Aconcagua espedizioa atzera kontuan dago. “Urruti ikusten genuen, baina hiru astetan bagoaz”. Lau mendizaleak kontentu daude, eta senitartekoak eta lagunak “pozik, baina pixka bat kezkatuta, aldi berean. Badakite mendia gustuko dugula eta esperientzia badugula, horrek lasaitzen ditu. Itzultzen garen bitartean, berdin zaie beste guztia”.  

Aconcaguako zein kanpamenduetan egon, eta igoera nola egin, bertan erabakiko dute

Kamisetak
Espedizioko gastuei aurre egiten laguntzeko, laukoteak Beriain Akonkagua Sakandar Espedizioa 2023” leloa duten kamisetak atera zituzten. Beriain eta Aconcagua mendiak ageri dira parez pare, bi mendien artean dagoen aldearen erakusleiho. Beriainen laukoitza da Aconcagua. “Irudiak ez daude eskalan eginak. Beraz, ez da guztiz fidela. Gainera, bi mendiak base berdinean jarri ditugu, baina Beriainen basea 500 metrotan dago, eta Aconcaguakoa 4.400 metrotan. Beraz, alderaketa ez da oso erreala, baina beno” irribarre egiten du Otsagabiak. Salmenta “uste baino hobeki” ari da. “200 saltzea espero genuen eta 250 inguru saldu ditugu”. 

Abenduaren 30ean igoko dira hegazkinera, eta abenduaren 31n, Gabon Zahar egunean, iritsiko dira Sakanara. “Nekatuta, eta jet lag-arekin, baina bueltatxo bat egitera atera beharko gara” dio Eneko Otsagabiak, irribarrez. Hori izango da espedizioaren arrakasta handiena, etxera ongi heltzea.