Sakanako kirolaririk onenak hautatzeko garaia

Guaixe 2023ko aza. 13a, 12:00

Sakanako kirolaririk hoberenen azkeneko edizioa 2021ean egin zen, Olaztin.

Sakanako Mankomunitateak 2022 eta 2023ko kirolari sakandar onenei aitortza egingo die, hainbat adin tarte eta modalitateetan. Sakandarrei euren proposamenak egiteko eskatu die, azaroaren 24ra arte

Sakanako Mankomunitateak Sakanako kirolaririk hoberenak sariak banatzen ditu bi urtean behin. Azkeneko saritze ekitaldia 2021ean izan zen, Olaztin, pandemia garaian. Kategoria guztiak kontuan hartuta, Aimar Tadeo Arkauz, Nahia Imaz Perez, Igor Arrieta Lizarraga, Irati Igoa Sesma, Josema Urrestarazu Zabalo, Haizea Ramirez de Alda Pozueta, Bargagain Taekwondo kluba, Triku Trail kluba, Imanol Arregi eta Ioseba Fernandez izan ziren sarituak. 

Aurten 2022 eta 2023 urteko kirolari hoberenak izendatuko ditu Mank-ek, ondoko kategorietan: 35 urte baino gehiagoko gizonezkoak, 35 urte baino gehiagoko emakumezkoak, 18 urte baino gehiagoko gizonezkoak, 18 urte baino gehiagoko emakumezkoak, 18 urtez azpiko gizonezkoak, 18 urtez azpiko emakumezkoak, kirol talderik onena eta euskara gehien bulkatu duen taldea. Epaimahaiak, hala erabakitzen badu, bi aipamen berezi eman ditzake. 

Azaroaren 24ra arte
Epaimahaiak aukeratuko ditu aipatu Sakanako kirolari hoberenak, sakandarrek egindako proposamenak aztertu eta gero. Sakanako kirol elkarte, entitate, ikastetxe zein edozein interesatuk egin ahalko ditu proposamenak eta, horregatik, Mank-eko kirol teknikari Amaia Gerrikagoitiak euren hautagaiak proposatzera animatu die sakandarrei. Halaber, epaimahaikideek bilera hasi aurretik euren hautagaiak proposatu ahal izango dituzte. Proposamenak azaroaren 24ko eguerdiko 12:00ak arte aurkeztu ahalko dira Sakanako Mankomunitatean (kirolak@sakana-mank.eus edo 683 343 854ra Whatsappa bidaliz) eta Altsasuko Kirol Zerbitzuan. Proposamenak aurkeztearekin batera, proposatutako hautagaien curriculuma gaineratu beharko da.