Futbola

Lagun Arteak irabazi, eta Etxarrik galdu

Guaixe 2023ko aza. 14a, 11:35

Erregional mailako zazpigarren jardunaldiak hiru puntu utzi ditu Sakanan

Erregional mailako zazpigarren jardunaldian zuten boladari buelta eman zioten talde sakandarrek. 

Etxarri Aranatz azken jardunalditan irabaztetik zetorren, baina Ardoi B taldearen kontra Zizurren jokatutako partidan ezin izan zuen martxa berean jarraitu. Lehen zatian parez pare aritu ziren bi taldeak, baina atsedenaldira joan baino lehen Ardoik lehen gola sartu zuen. Bigarren zatian bi taldeak gogotsu aritu ziren, baina atzera ere Ardoi izan zen helburua lortu zuena, bigarren gola sartu zuelako. Etxarri Aranatz partidari buelta ematen saiatu zen eta 89. minutuan Xabier Ormazabali esker 2 eta 1 gerturatu zen, baina ez zuen gehiagorako aukerarik izan. 

Aldiz, Lagun Arteak garaipen ederra lortu zuen Zelai Berrin, Asdefor taldeari 4 eta 1 irabazita. Lehen zatian parez pare aritu ziren bi taldeak, baina 46. minutuan Yonatan Davilak Lagun Artearen markagailua mustu zuenetik Pandoraren kutxa zabaldu zuen talde lakuntzarrak. Iker Anduezak bigarren gola sartu zuen eta Yonatan Davilak beste bi, hat trick ederra lortuaz. 91. minutuan Jonas Notivolik sartutako golarekin, 4 eta 1 irabazi zuen Lagun Arteak. 

Sailkapena eta datorrena
Erregional mailako laugarren multzoko liderra Mutilvera C taldea da (18 puntu). Etxarri Aranatz bosgarren da (11 puntu), eta Lagun Artea zortzigarren (10 puntu). Ligako zortzigarren jardunaldian sailkapenean hamaikagarren den Baztan B taldea izango du aurkari Lagun Arteak, azaroaren 18an, larunbata, 18:00etan Elizondoko Giltxaurdin jokatuko den partidan. Etxarri Aranatzek sailkapenean hirugarren den San Jorge hartuko du San Donato zelaian.