Abiadura Handiko Treneko (AHT) Nafarroako korridorea Euskal Autonomia Erkidegoarekin lotzeko bi aukerak Sakanan barna doaz. Bata, Ezkiorekin lotuko luke, Lakuntza aldean hasiko zen Aralar mendi azpiko tunel baten bidez. Bestea, ibarra alderik alde zeharkatuko luke, Gasteizen bi tren plataformak lotzeko.
Sakana Trenaren alde, Sustrai Fundazioa, AHTrik ez! Lautada, Otsotarrak, Landarlan eta AHT Gelditu! Nafarroa erakundeek STOP AHT Zundaketak Ekimena sortu dute. Haren bidez, AHT egitasmoa egin ahal izateko aurre prestaketei, zundaketei, aurre egin nahi diete. Horregatik, Lakuntza eta Arbizu artean mendi martxa antolatu zuen larunbatean. Hartan 50 bat pertsonak parte hartu zuten. Haren bidez, zundaketa puntuak eta kanpaina geoteknikoak bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuten parte hartzaileek. Aurrena, Berian aldean, ondoren, Aralar magalean.
Gainera, ibiltariek bidean zehar AHTak inguruan eragingo lituzkeen kalteen berri jaso zuten, esaterako, tunelak, zubibideak, lubakiak… Gainera, tarte batean, ingurune berdinetik pasarazi nahi duten goi tentsioko lineen berri eta horien kontrako borrokari buruzko azalpenak eman zituen Goi tentsioko lineen aurkako plataformako kide batek.
Arbizuko plazara iristean, gosaldu ondoren, Arbizu Bizirik-eko, Goierriko Landarlan taldeko, Sakanako plataformako eta AHT Geldituko kide banak hitza hartu zuten beraien ingurunean azken aldian egoera nola dagoen kontatzeko eta zundaketen kontra prestatu den protokoloaz informatzeko. Azalpenak entzun ondoren, martxak bideari berrekin zion, Aralar aldeko Arbizu eta Lakuntza arteko zundaketa eta kanpaina geoteknikoen lekuak ezagutarazteko. Azalpen, galdera, solasaldi eta informazio elkartruke aberatsak tartekatuz, ibiltariak Lakuntzako plazaraino bueltatu ziren, AHTaren zundaketen eta AHTaren aurkako aldarrikapenen artean.