Landa garapenerako proiektuetarako dirulaguntzen deialdia zabalik

Guaixe 2023ko aza. 17a, 11:02

Ergako geodesia puntutik Sakanako ikuspegia. ARTXIBOA

Cederna Garalur elkarteak egin du deialdia. Milioi bat euro baino gehiagoko diru poltsa du, , Nafarroako Gobernuak eta Europar Batasunak Landa Garapenerako Programaren bidez finantzatuta. Dirulaguntza deialdia sustatzaile publikoei eta pribatuei zuzenduta dago. Ilbeltzaren 22ko 09:30era arte aurkeztu daitezke proiektuak.

Cederna Garalur elkarteak Nafarroako Mendialderako Tokiko Garapen Parte-hartzailearen Estrategia berria egin du. Honako estrategia ardatzak identifikatu ditu: enplegua eta ekonomia jarduera sortzea eta finkatzea; natura baliabideak efizienteki erabiltzea; kultura, historia, arkitektura eta ingurumen ondarea; zerbitzu publikoak hobetzea; genero berdintasuna eta gizarteratzea. 

Arlo horietan ekimenen bat egin nahi duenendako dirulaguntza deialdiak eginen ditu 2023 eta 2027 bitartean. Horietako aurreneko dirulaguntza deialdia egin berri du elkarteak, 1.115.648 euroko poltsa duena. Aurreko deialdiekin alderatuta, gainera, "hainbat berrikuntza garrantzitsu" daudela iragarri du Garalurrek.  Alde batetik, inbertsioaren gaineko laguntzaren ehunekoa deialdi honetan, %30ekoa izanen da proiektu produktiboetarako, eta %70ekoa proiektu ez produktiboetarako. Horretaz aparte, aldi horretan, laguntzaren muga 60.000 euroraino igo da, baita deialdira aurkeztu ahal izateko nahitaezkoa den gutxieneko inbertsio lagungarria ere: 20.000 eurokoa izanen da. Azkenik, aurrekontuko partidaren %50 gorde da proiektu produktiboetarako. 

Beste batzuetan bezala, laguntza horiek bi arlotan banatuko dira: ekonomia jarduera sustatzea helburu duten produkzio ekimenak edo gizarte helburuak edo zerbitzu publikoak hobetzeko helburua duten proiektu ez-produktiboak dinamizatu nahi dituzten pertsona fisikoei, enpresei, toki-erakundeei, fundazioei eta erakunde profesionalei bideratuta daude. Aurkeztutako proiektuek bat egin beharko dute aipatutako estrategia ardatzekin. Deialdiari buruzko argibideak nahi dituenak  669 704 506 telefono zenbakira hots egin edo eelso@cederna.es posta elektronikora (Edurne Elso) idatzi beharko du.