Tokiko merkataritzari bulkada emateko ekosistema digitala

Guaixe 2023ko aza. 22a, 12:28

Denok Bat federazioko ordezkariak lagundu dieten erakundeetakoekin batera. UTZITAKOA

Ibarreko elkartea kide den Denok Bat merkataritza federazioak merkataritzari bulkada emateko tresna digitalak indartu ditu. 

Sakanako Dendarien, Ostalarien eta Zerbitzuen Elkartea (SDOZE) kide den Denok Bat merkataritza federazioak ekosistema digitala sortu du, hiru elementuk osatzen dutena. Batetik, denokbat.eus webgunea, federazioaren esparru digitaleko komunikazio eta presentzia instituzionalaren elementu nagusia. Bestetik, Giltzaria fidelizazio txartela. Eta, azkenik, TopTopa, online salmenta plataforma. Ekosistema digitala “tresna digitalak salmenta tradizionala osatzeko eta indartzeko diseinatuta daude, merkataritzako landa-inguruneetan eta hiri-inguruneetan merkataritza-jarduera sendotzeko helburuarekin”, azaldu zuen Natalia Rekartek. Denok Bat federazioko lehendakariordeak.

Rekartek ekosistema digitalaren aurkezpenean esan zuenez, “merkataritzaren egoera zaila da”. Gaineratu zuenez, “aurreikusitakoaren arabera, Nafarroan dendak itxiko dira”; ondorioz, urtebetean 1.700 lanpostu baino gehiago eta hiru urtean 3.600 inguru gal daitezke. “Tokiko eta hurbileko merkataritza ereduarendako kaltegarria den testuinguru hori gorabehera, Denok Batek sektorearen eguneratzearen eta modernizazioaren aldeko apustu sendoa egiten du, garai berrietara egokitu ahal izateko eta haien presentzia zaintzeko, ezinbestekoa baita herriak eta auzoak bizirik mantentzeko”, nabarmendu zuen Rekartek.

Nafarroako Gobernuko Merkataritza eta Kontsumo zuzendari nagusia Pablo Ezkurra Fernandezek aurkezpenean esan zuenez, bi dira merkataritzaren arazo nagusiak: ekintzailetzarik eza, bereziki gazteen artean, eta belaunaldien arteko erreleboa. "Izan ere, funtzionatzen duten saltokiak ixten dira, ez baitute enpresa-segidarik". Aldi berean, Ezkurrak nabarmendu zuen eraldaketa digitalak sektorean duen garrantzia, establezimenduak lehiakorragoak izan daitezen, eta gobernua egiten ari den ahalegina azpimarratu zuen, arazo horiek konpontzen lagunduz eta horrelako proiektuak diruz lagundu dituzten "funts teknologikoa" bezalako laguntzak emanez.

Nafarroako Merkataritza Ganberako Proiektuen arduradun Eva Fontecha Herasek “lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia eta Merkataritza Ganberak eraldaketa digitalaren aldeko apustua egin duela proiektu eta zerbitzuekin”, nabarmendu zuen. 

Kanpaina 
Proiektua Nafarroako Gobernuak finantzatu du 2023ko Funts Teknologikoaren laguntzen bidez, 87.175 eurorekin. Cederna Garalurrekin sinatutako lankidetza hitzarmen baten bidez, egindako inbertsioen BEZaren zenbatekoa finantzatu da, 18.018 euro. 

Federazioaren ekosistema digitalaren berri emateko komunikazio kanpaina martxan jarri da, Gure saltokiek pilak jarri dituzte eta orain superbotere berriak dituzte leloa duena. Haren irudia Altsasuko Rebeca Alen Royo da, Gertu burdin dendakoa. Kanpainaren bidez, merkataritza tradizionalak eskaintzen dituen abantailak (arreta pertsonalizatua, herrien eta auzoen dinamizazioa) eta tresna digitalek eskaintzen dituzten aukerak ezagutaraziko dituzte, bai bezeroei, bai merkatarien establezimenduei. Kanpaina horrek Nafarroako Merkataritza Ganberaren laguntza izan du, Merkataritzako Estatu Idazkaritzak finantzatutako 2023ko Merkataritza Planaren bidez.

300 enpresa inguru 
Horiek dira bere baitan federazioak hartzen dituen enpresak. Ibarrekoez aparte, Bera, Lesaka, Doneztebe, Baztan eta Arrotxapeako elkarteak daude. Sei elkarteen helburuen artean daude merkataritza kolektiboa sustatzea eta kudeatzea eta bere barrutiko landa eta hiri merkataritza dinamizatzea, bultzatzea eta indartzea.