Elikagai Bankuak boluntarioak behar ditu

Guaixe 2023ko aza. 17a, 10:32

Elikagai bankuaren aldeko jaki bilketa supermerkatuan. ARTXIBOA

Azaroaren 24an eta 25ean eginen duen jaki bilketan lan egiteko behar ditu.

Nafarroako Elikagai Bankua fundazioak 2.040 boluntario behar ditu Bilketa Handia egiteko. Azaroaren 24an eta 25ean Nafarroako hainbat denda eta super merkatuetan jarriko dira boluntarioak eta herritarrak erosi eta haiei propio emandakoa jasotzeaz arduratuko dira. Fundaziotik jakinarazi dutenez, oraindik ez dute boluntario plaza guztiak bete eta, horregatik, izena ematera deitu dute. Horretarako, colectas.bancoalimentosnavarra.org webgunearen bidez eman daiteke izena.

Fundazioak jasotako jakiak premia duten herritarren artean banatzen ditu. Gaztigatu dutenez, 26.000 nafarrek jasotzen dute bankuak banatutako jakiak. Elikagaiak zuzenean boluntarioei emanda lagundu daiteke fundazioaren biltegia jakiz betetzen. Bestela, diru ekarpenak egin daitezke banku txartelaren, banku transferentzia edo Bizun (00262) bidez. Ekarpenek errenta aitorpenean desgrabatzen dute. Dirua emateari buruzko argibideak webgunean daude.