Buñuelen, kutxaz betetako kamioiak atzean, Errigorako komunitateko ordezkariek aurtengo Nafar hegoaldeko uzta, euskarari puzka kanpainaren balorazioa egin dute. Jakinarazi zutenez, "14.000tik gora saski iritsiko dira hurrengo egunetan beste hainbeste etxetara, eta Nafarroako erdi eta hegoaldeko euskalgintzak 185.000 euroko ekarpena jasoko du". Errigorako kideek nabarmendu nahi izan dute kanpainaren hamar urteetan eremu horretako euskalgintzak bi milioi euro jaso dituela. Diru hori Ager eremuko AEK, Tutera, Lodosa eta Vianako ikastola eta eskoletako D ereduko lerro eta Agerraldia ekimenari emanen diete atzera ere. Errigorako kideek orain arte lortutakoagatik "zorionak eta eskerrak" eman dizkio "Errigoraren parte garen, zareten, diren orori".
Errigorak udazkeneko kanpainari hasiera eman zionetik hamargarren urteurrena ospatzeko Euskal Herrian barna egin diren hainbat ekimen txalotu ditu. Horiek guztiak "Errigoraren komunitateaz aparte, komunitate hori saretu eta hunkitzen duten balioak islatu dituzte beste behin". Hiru dira aipatutako balioak. Aurrena, zubigintza, hau da, "pertsona, lurralde eta ideia desberdinen bat egitea". Hurrena, ekintza; "hitzetan baino egiten dugunean aurkitzea sinesgarritasuna". Eta, atzena, ahalduntzea, "txikitasunetik amets handia eskuratzeko gaitasuna badugula ikustea".
Sakanan 269 saski | |
Herria | Kopurua |
Irurtzun | 44 |
Irañeta | 11 |
Uharte Arakil | 14 |
Arbizu | 15 |
Etxarri Aranatz | 78 |
Altsasu | 107 |