Hondakinak ikasgai

Guaixe 2023ko aza. 22a, 09:00

Ikasleak Utzubar EKOgunean bisitan. MANK

Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak ikasleak sentsibilizatzeko Hezkuntzan Hezten programaren bigarren edizioa despeditu berri du. Besteak beste Utzubar Ekogunea bisitatu dute, antzeztutako informazio saioak eta tailerrak izan dituzte.

Ikasleek hondakinak murrizteak eta berrerabiltzeak duen garrantziaz jabetzen laguntzeko helburua duen programa bukatu berri du Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak. Helburu hori ibarreko ikasleen artean zabaltzeko dozena erdi jarduera egin ditu zerbitzuak. Antolatutako jarduera horiek guztiek 44.460 euroko aurrekontua izan dute. Haren %100a Nafarroako Hondakin Funtsak ordaindu du. Funtsaren diru iturria hondakindegira isurtzen diren hondakinengatik kobratzen den zerga da.

Alde batetik, umeendako fardel berrabilgarrien berri emateko jardunaldia antolatu zuen Arbizuko Kattuka haur eskolan azaroaren 13an. Horrekin batera, Sakanako lau haur eskolei 1.500 fardel berrerabilgarri eskaini zaizkie. Hala, haur eskoletako arduradunek gurasoei haien seme-alabak zentroetan dauden bitartean fardel berrerabilgarriak erabiltzeko aukera emanen diete. Neurri horren zergatia azaldu du Olatz Garde Mazkiaran teknikariak: "erabilera bakarreko fardelak erabiliz gero, ume batek hiru urteetan 2,1 tona fardel hondakin sortzen ditu. Dirutan, gurasoen gastua 2.000 eurokoa da. Berrerabilgarrien kasuan, berriz, 500 euro inguru". Gaineratu duenez, "seme-alaba gehiago izanez gero, berriz erabili daitezke eta aurrezpena handiagoa da". Programaren aurkezpenean zerbitzuko kideak, Kattukako kudeatzaileak eta hainbat urtez fardel berrerabilgarriak erabili dituen Dulantzi Lopetegi egon ziren.


Hileko kopa kita eskutan dutenak Iñigo Aritza ikastolako ikasleak dira.

Gehiago 
Hondakin Zerbitzuak Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako 1. eta 2. mailako ikasleei hileko kopak banatu zaizkie azaroaren lehenengo astean. Guztira, 160 kit erosi ditu, bakoitzean hileko kopa bat eta odol isuriak xurgatzeko oihalezko bi zapi daude. Kopa horiek tanpoiak eta konpresak ez bezala, ez du odolik xurgatzen, barruan metatzen du atera eta bota aurretik. Berrerabilgarriak dira.

Bestetik, Pantxika Lamur clownak informazio saio antzeztuak egin zituen. Haien bidez, murriztu, berrerabili eta birziklatu hirukoari buruzko informazioa eman zitzaien Haur Hezkuntza eta Lehen Hezkuntzako ikasleei. Guztira hamahiru saio izan ziren. Bestalde, Sakanako hainbat ikastetxeetan joskintza tailerrak egin ziren "arroparen inguruko arazoaz kontzientzia sortzeko". Bestalde, eskuz josteko eta makinan josteko lehen pausoak azaldu zitzaizkien, eta berrerabilitako oihalekin diru zorroak egin zituzten.

Aldi berean, ikastetxeetan hondakinen inguruko informazio saioak egin ziren. Haietan hondakinen hierarkiaren berri eman zitzaien ikasleei. Gainera, ikasleek Utzubar EKOgunea bisitatzeko aukera izan zuten. Lehen Hezkuntzako 23 gela pasa dira handik, 364 ikasle. Bertan hondakinek egiten duten bidaia ikusi zuten: konpost planta, industria hondakinen biltegia, ontzi arinen eta errefusaren transferentzia gunea, paper prentsa, garbigunea, zabortegia eta berrerabilpen gela. "Sakanako ikasleen hondakinen inguruko ezagutza maila izugarri handia da, eta oso positiboa da beraiek etxean egindako bereizketa zertarako balio duen ikusi ahal izatea", azaldu du Gardek. Bisitaren ondoren, ikasle guztiek botila berrerabilgarri bat jaso zuten opari.