Genero berdintasun irakasgaia Boliviako irakasleen eskutik

Guaixe 2023ko aza. 22a, 11:00

Bakea eta Elkartasuna fundazioaren eskutik etorritako emakumezko biliviarrak Lanbide Heziketa institutuan izan ziren. UTZITAKOA

Halako ikasgaia jaso dute Lakuntzako eskolako, Altsasu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Sakana Lanbide Heziketako makina bat ikaslek. Bakea eta Elkartasuna fundazioaren elkartasun proiektuaren zati izan dira jarduera horiek.

Bartolina Sisa erakundeko, Boliviako Emakume Nekazari Indigenen Konfederazio Nazionaleko  kide diren Marcia, Salome eta Eduarda Altsasun eta Lakuntzan egon ziren hilaren 15ean eta 16an. Bakea eta Elkartasuna fundazioaren eskutik etorri ziren haien testigantza emateko. Horretan lagundu zien aurten filmatutako Aldaketa ereiten dokumentalak, Boliviako landa eremuko emakumeen ahalduntzea azaltzen duenak. Ikus-entzunezkoak Boliviako emakume nekazari eta indigenek berdintasunaren alde, indarkeriaren kontra, ekonomia autonomia lortzeko, ekintzailetza sustatzeko, ordezkaritza politikoa lortzea eta elikadura ekologikoa eta kultura indigenaren defentsan egiten duten lana azaltzen da. Lekukotasun txundigarrien bidez, eguneroko erronkak, erresilientzia eta errealitatea aldatzeko erabakia erakusten dituzte. Dokumentalaren ondoren, ikasleekin elkarrizketa izan zuten hiru emakumezko boliviarrek. 

Altsasu institutuko Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako eta Batxilergoko ikasleak Iortia kultur gunean izan ziren azaroaren 15ean. Hango saioa despeditu ondoren, Sakana Lanbide Heziketa institutura joan ziren. Lakuntzan, berriz, azaroaren 16an egon ziren. Ikastetxe bakoitzak fundazioak proposatutako proiektuarekin bat egin du, baina bakoitzak bere dinamika du. 


Marcia, Salome eta Eduarda Iortia kultur guneko pasabidean.

Aurtengoa 
Bakea eta Elkartasuna fundazioa aurten Wiphala: genero berdintasunaren aldeko sareak ehuntzen proiektua du esku artean. Genero berdintasunarekin batera Nazio Batuen Erakundearen 2030 Agenda eta Garapen Jasangarrirako Helbururen batzuk landuko dituzte hainbat ikastetxetako ikasleekin. Horren bidez, fundazioaren asmoa da “egungo egoeraren inguruan ikasleengan kontzientzia piztea”. Bizpahiru ikasturte dira Altsasu Bigarren Hezkuntzako Institutuak programarekin bat egin zuela, Lakuntzako eskola eta Lanbide Heziketako institutua, berriz, estreinakoa dute.

Altsasu Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzako Institutuan dokumentala eta ondorengo solasaldia Elkartasun Eskolen proiektuaren barruan kokatzen da jardunaldia. Haren helburu nagusia kulturarteko bizikidetza eta elkarbizitza inklusiboa sustatzea da. Beraz, Boliviako emakumezkoen lan saioaz aparte, ikasturtean zehar beste hainbat elkartasun ekintza eginen dituzte egoera zaurgarrian dauden pertsonak laguntzeko. Elkartasun Eskolen proiektua institutuko Filosofia Mintegiak gidatzen du, Bakea eta Elkartasuna Fundazioarekin lankidetzan.

DBHko lau mailetan gai bana landuko dute: 1. mailan kulturartekotasuna,  2. mailan migrazioak, 3. mailan pentsamendu kritikoa eta 4. mailan ekofeminismoa eta mugikortasun jasangarria. Maila guztietan metodologia aktiboak baliatuko dituzte gaiak lantzeko: ikaskuntza kooperatiboa, talde interaktiboak, kasuen metodoa, gamifikazioa eta beste batzuk. Institututik azaldu dutenez, “ikasturtean zehar sortuko diren materialak, antzezlanak eta bestelakoak apirilean Sakanako Elkartasun Azokan ikusgai egonen dira. Ekimen hori Sakanako Mankomunitateko Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuak, Sakana Harrera Harana eta beste hainbat erakundeek elkarlanean antolatzen dute.

Lanbide Heziketako hiru ikasle talde izan ziren Boliviako emakumezkoekin. Sakana LH institutua aspaldi ari da ikasleekin batera genero berdintasuna lantzen, eta fundazioaren eskaintza lan ildo horretan sartu du. Proiektuak segida izan dezake, ikasleak bideo dei baten bidez Boliviakoekin harremanetan jartzeko aukera baitago. 

Lakuntzako eskolan, hiru emakumezko boliviarren bisitaren ondoren, proiektua lantzen segituko dute. Horien artean dago Wiphala banderari buruzko lanketa. Aimaratarren ikur etnikoa zazpi kolorez osatutako bandera lau-angeluarra da. Lakuntzarrek ikasiko dute kolore bakoitzak zein esanahi duen eta zein balio islatzen dituen. Ikasleek, jubilatuen elkarteko kideekin batera, Wiphala bat josiko dute. Hura bukatzean, proiektuari akabera emateko, bandera ikusgai jarriko dute, gurasoak presente egonen diren ekitaldi batean.