23. Korrikarako atzerako kontaketa martxan da

Guaixe 2023ko aza. 20a, 13:00

Korrikaren aurkezpenean lekuko handi bat izan zen. AIURRI

Euskararen herrian barna martxoaren 14tik 24ra ibiliko da, Irundik Baionara. Aurtengo leloa 'Harro Herri' da.

Korrika hasteko 115 egun falta dira. AEK-k, hainbat bidelagunez lagunduta, Korrika ren 23. edizioa aurkeztu zuen atzo. Euskararen aldeko errelebo lasterketak Harro Herri leloa izanen du. AEK-k aurkezpen ekitaldian gogorarazi bezala, "aurreko edizioko parte hartze masiboak argi utzi zuen gure hizkuntzaz harro gaudela eta guztion artean komunitate sendoa osatzen dugula. Oztopo guztiak gainditzeko gai den herri harroa, eta harro Korrikan". Hala aitortu zuen Aitziber Balantzategi Ibargoitiak, AEK-ko Artezkaritza-kontseiluaren lehendakariak eta Korrika batzordeko kideak: "KORRIKAk herri aldarri alai eta tinkoa izan nahi du, eta, oraindik ere, aurreko Korrikako indar erakustaldia oso iltzatuta dugu begiradan".

Halere, "harrotasun hori konformismoarekin ez nahasteko" azpimarratu zuen Balantzategik. Era berean, erakundeek euskararen normalizazioan duten "ardura garrantzitsua" gogorarazi zuen: "herritarren ahaleginaz batera, hizkuntza politika ausartagoa eta inbertsioak egin behar dituzte". Bien bitartean, orain arte bezala, Korrikak jasoko duen dirua euskararen normalizaziora bideratuko da Euskal Herri osoan.

Jakinarazi zutenez, euskararen aldeko mobilizaziorik handiena Irunen hasiko da, martxoaren 14an; eta, hamar gauren eta hamaika egunen buruan, Baionan bukatuko da, Lapurdiko hiriburuan. Han, lekuko barruko mezu sekretua irakurtzeaz aparte, egun osoko jai egitarauaz gozatzeko parada izanen da.

Laster egiteko egunak iritsi bitartean AEK eta Korrika laguntzeko hainbat modu daude. Horietako bat da Korrikako materiala erostea. Horretarako, euskaltegitik pasa edo Korrika.eus webgunean sartu. 

Omendua
Korrikak urtero pertsona, ekimen edo erakunderen bat omentzen du. "Aurtengo omendua bada herritarren ahalegin horren adierazle bikaina, Ipar Euskal Herriko Azterketak Euskaraz kolektibo gaztea, hain zuzen ere, Frantziako Estatuko hizkuntza legeari aurre eginda baxoa eta brebeta euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzen duena". Ane Elordi Alburquerque Korrika koordinatzaile nagusiak adierazi legez, "gazte horiek, beren ikasketen une oso erabakigarrian, herritar euskaldun gisa dagozkien hizkuntza-eskubideak aldarrikatzeko hautua egin dute, beren notak eta etorkizun akademikoa kaltetuak izango direla jakitun". Korrikak eskainiko dien omenaldia haien egoera ezagutzera emateko bozgorailu izateko esperantza aipatu du Elordik.