Nerabez betetako toki batean lan egiten dugu eta gatazkak eguneroko kontua dira, bai gure institutuan, baita beste ikastetxe guztietan ere. Honekin lotuta, curriculumeko edukiak lantzeaz gain, gure egunerokoan alderdi sozioemozionalek ere toki handia hartzen dute. Inork pentsatzen du, benetan, identifikatutako gatazka baten aurrean Ikastetxeko langileok ez garela ezer egiten ari? Hilabeteak daramatzagu gaia lantzen, taldeko irakasle guztiak eta klaustro osoa jakinaren gainean daude eta lanean ari gara neurriak aplikatzen; eta kanpoko injerentziarik ez dagoenean, badoa.
Ikastetxeak gatazkako aldeei errespetua eta konfiantza eskatu dizkie. Tartean adin txikiko pertsonak ditugu, guztiak babestu behar ditugu eta ingurune seguru bat eskaini, eta zarata mediatikoak, sare sozialek, kontrastatu gabeko adierazpenek eta pertsonak seinalatzeak ez dute mesederik egiten.
Hezkuntzan ari gara, lanean ari gara, eta horretarako behar ditugu errespetua eta konfiantza, eta denbora: utzi lan egiten, mesedez.