Nafarroak eta Gipuzkoak larrialdiei aurre egiteko koordinazioa bulkatuko dute

Guaixe 2023ko aza. 21a, 08:48

Amparo Lopez Antelo eta Irune Berasaluze Lazkano bileran. NAFARROAKO GOBERNUA

Administrazioen arteko koordinazioa sustatuko dute mugakide diren lurraldeetan sortzen diren larrialdiei aurre egiteko.

Nafarroako Gobernuak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak larrialdiei aurre egiteko dituzten protokolo bateratuak aztertu zituzten atzo egindako bileran. Horrekin batera, komunikazio sistema berriak garatzea ere aztertu zuten; beti ere, mugaldean elkarrekin jarduteko, abian jarritako operatiboen koordinazioa eta eraginkortasuna hobetzeko eta, aldi berean, herritarrei arreta hobea emateko.

Bestetik, bi administrazioek adostu dute beharrezkoa dela toki erakundeekin lanean sakontzea, udalerriekin dauden zuzeneko komunikazio eta informazio kanalak indartzeko, aurrea hartzeko gaitasuna hobetzeko eta kalteak murrizteko. Azkenik, Nafarroak eta Gipuzkoak larrialdiari aurre egiteko prebentzioaren eta autozaintzaren aldeko apustua egin dute, prebentzioaren eta autobabesaren kultura sustatuz hainbat eremutan.

Gipuzkoako Aldundiko Gobernantzako Foru Diputatu Irune Berasaluze Lazkanorekin bildu zen Amparo Lopez Antelo Barneko, Funtzio Publikoko eta Justiziako kontseilaria. Donostian egindako bileran, Nafarroako Larrialdi, Prebentzio eta Babes Zibileko Zerbitzuko zuzendari Jose Javier Boulandier Herrerak eta Gipuzkoako Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu zuzendari Josu Idigoras Egiak ere parte hartu zuten. Lopezek azaldu zuenez, "Herrizaingo, Funtzio Publiko eta Justizia Departamentuaren legegintzaldi honetako lehentasuna da larrialdiari modu integralean, eraginkorrean eta baliabide egokiekin erantzutea".