Futbola

Garaipen bana Etxarrirendako eta Lagun Artearendako

Guaixe 2023ko aza. 21a, 10:20

Erregional mailako zortzigarren jardunaldiak sari ederra utzi du Sakanan

Erregional mailako zortzigarren jardunaldian Etxarri Aranatzek San Jorge taldea hartu zuen San Donaton. Partida hasi eta 16 minututara Xabier Ormazabalek Etxarri Aranatz aurreratu zuen, baina Iruñeko taldeak bana berdindu zuen berehala. Partidak estu jarraitu zuen, bi taldeek berdinketa hautsi nahi zutelako. 57. minutuan Mattin Altzelaik Etxarriren bigarrena sartu zuen. Etxarrik ongi eutsi zion, eta 2 eta 1 irabazita bukatu zen partida. 

Lagun Arteak 3 puntu gozo ekarri zituen Elizondora egindako bisitatik. Baztan ongi hasi zen etxean, 14. minuturako aurreratu baitzen, baina Lagun Arteak ez zuen etsi eta 5 minutura berdinketaren gola sartu zuen Yonatan Davilak. Lehia handiko partida izan zen Giltxaurdin jokatutakoa, bigarren zatian erabaki zena. Iker Anduezak 1 eta 2koa ezarri zuen 60. minutuan, eta Sael Ozoriak 85. minutuan sartutakoarekin, garaipena erabakita utzi zuen. Beraz, 1 eta 3 irabazita itzuli ziren lakuntzarrak Baztanetik.

Datorrena
Erregional mailako liderra Mutilbera C taldea da (21 puntu). Etxarri Aranatz bosgarren da (14 puntu), eta Lagun Artea zazpigarren (13 puntu). Azaroaren 25ean, larunbata, 16:00etan Lagun Arteak Berriozar taldea hartuko du Zelai Berrin. Etxarri Aranatzek, aldiz, Arangurenen jokatuko du, Mutilbera C liderraren kontra, azaroaren 26an, igandea, 18:30ean Arangurengo kiroldegian hasiko den partidan.