Pilota

Binakako Txapelketa, martxan

Guaixe 2023ko aza. 21a, 14:57

Aurkezpena Nafarroa Arenan egin da. Bertan jokatuko da finala, martxoaren 31n. ASPE

Ezkurdiak Tolosarekin osatuko du bikoa, Zabaletak Peio Etxeberriarekin eta Martijak Altunarekin

 

Jokin Altunak Lau eta Erdiko bere laugarren txapela jantzi ditueneko oihartzunak oraindik ez dira bukatu, baina Aspek eta Baikok 2024ko Binakako Pilota Txapelketa aurkeztu dute, Nafarroa Arenan. Izan ere, bertan jokatuko da txapelketako final handia, martxoaren 31n, Aberri Egunean. Pilota partidak obrengatik itxita egon den Labritera itzuliko dira, pilotazaleen gozamenerako. 

Zortzi bikotek hartuko dute parte txapelketa luze eta gogorrenean. Hasieran hamalau jardunaldietako ligaxka jokatuko da, gero finalerdietakoa, eta, bukatzeko, final handia. Aspekoak Ezkurdia-Tolosa, Elordi-Rezusta, Peio Etxeberria-Zabaleta eta Altuna III.a-Martija dira. Baikokoak, aldiz, Laso-Aranguren, Peña II.a-Albisu, Jaka-Mariezkurrena II.a eta Artola-Imaz. Lasoren itzulerarekin kontentu dago katedra, baina guztiz osatu arte ez da itzuliko. Larrazabalek hartuko du bere tokia. Bestalde, Altunak azaldu du ezker sorbaldan duen oinazea osatu arte ez dela jokatzen hasiko, eta bitartean Elezkano II.ak ordezkatuko du. 

Laso, haserre
Ezkurdiak Tolosarekin errepikatuko du, eta bikote indartsua osatzen dute. Zabaletak ere aurrelari ederra du, Peio Etxeberria. Eta Martijak Altunarekin errepikatuko du. 2022ko txapeldunak izan ziren, eta atzera ere txapela jantzi nahiko dute. Ildo honetan, Unai Lasok ez ditu Baikoko bikoteak konpentsatuta ikusten, ezta Aspekoak ere, eta hitz gogorrak izan ditu bere enpresarekiko. “Laguntza behar nuela esan nien, ez nintzelako %100ean aterako, eta ez dute kontuan hartu. Ez nago batere ados” azaldu du, haserre. 

Lehen jardunaldia
Azaroaren 24an, ostirala, hasiko da txapelketa, Azkoitian. Ezkurdiak eta Tolosak Peio Etxeberria eta Zabaleta izango dituzte aurkari. Azaroaren 25ean, larunbata, Jakak eta Mariezkurrena II.ak Lasoren eta Arangurenen kontra jokatuko dute. Azaroaren 26an, igandea, Artolak eta Imazek Peña II.a eta Albisu izango dituzte aurkari. Eta, lehen jardunaldia bukatzeko, azaroaren 30ean, Eibarren, Elordi eta Rezusta Altuna III.aren eta Martijaren kontra ariko dira.