Industriako eta Enpresen Trantsizio Ekologiko eta Digitalerako Departamentuak 2023ko Ikerketa eta Garapen proiektuetarako laguntzen deialdia ebatzi du. Haren bidez 12,4 milioi euro banatuko ditu, eta guztira 81 proiektu finantzatzeko erabiliko dira. Dirulaguntza jasoko dutenen artean Sakanako lau enpresaren eta fundazio baten egitasmoak daude. Guztira 350.551,20 euro jasoko dituzte. Proiektu horiek gehienez 24 hilabetean garatuko dira, 2025era arte.
Lagundutako egitasmoak
- Hirudi Sistemas 3d S.L.
Irurtzungo enpresak sentsibilitate handiko kako robotikoa garatzeko 87.471,54 euro jasoko ditu. Haietatik 10.743,27 euro aurten jasoko du, heldu den urtean 43.997,25 euro eta bi urte barru 32.731,02 euro. - Hydro Extrusion Spain SA
Aluminio birziklatuaren ehuneko handia duten aluminioetan laser nanoegituraketako prozesuak aztertzea, akabera estetiko disruptiboak eta karbono-aztarna murriztuak dituzten Linea Zuriko osagaiak lortzeko. Irurtzungo enpresaren egitasmoak 58.854,60 euro jasoko ditu, haietatik 39.609,01 euro 2024an eta gainontzeko 19.245,59 euroak 2025ean. - Industrias Laneko LSA
Uharte Arakilgo enpresak eskakizun handiko aplikazioetarako torloju adimenduna (i-TOR) garatzeko 78.325,99 euro jasoko ditu hiru urtetan banatuta: 4.205,74; 36.961,92 eta 37.158,33. - Felipe Lezea fundazioa
Gailu analogiko-digitala, narriadura kognitiboa duten pertsonen funtzio kognitiboak indartzeko, datuen erregistroaren bidez eta Adimen Artifizialaren bidez egokitutako jarduera pertsonalizatuak sortuz. Altsasun egoitza duen fundazioak 8.753,70 euro jasoko ditu. Haietatik 936 euro aurten, 3.206,85 euro heldu den urtean eta, azkenik, 4.610,85 euro 2025ean. - Alai Termoformados SLU
Termokonformazio moldearen kontzeptu berria, elikagaien sektorerako erretiluen produkzioan aplikatzeko. Altsasuko enpresaren egitasmoak 117.145,37 euro jasoko ditu bi urtetan: 51.384,27 euro 2024an eta 65.761,10 euro 2025ean.