Aisialdiko begirale izateko ikastaroa antolatu dute

Guaixe 2023ko aza. 24a, 11:00

Umeak begiraleekin Altsasuko Aisiaz Blain. ARTXIBOA

Etxarri Aranatzen eta Altsasun eginen da eta titulazio ofiziala eskuratzeko baliagarria izanen da. 

Aisialdi taldeak kudeatzen ikasi eta begirale titulu ofiziala eskuratzeko ikastaroa prest du Urtxintxa aisialdiko hezitzaileen eskolak. Etxarri Aranatzen eta Altsasun eginen dira ikastaroak abenduaren 16tik maiatzaren 11ra arteko larunbatetan, 09:00etatik 14:00etara. Bitarte horretan, egun batzuetan ikastaroak saio trinkoak izanen ditu, abenduaren 26, 27, 28 eta 29an hain zuzen ere. Ikastaroan izena emateko 120 euro ordaindu behar dira, baina bi herrietako udalek eta Nafarroako Gazteria Institutuak parte hartzaileei dirulagunza emanen diete. Ikastaroari buruzko informazioa jaso edo izena eman nahi duenak etlurtxintxa@gmail.com posta elektronikoko helbidera idatzi edo 610 257 471 telefono zenbakira hots egin dezake. 

Etxarri Aranazko eta Altsasuko udalek, Etxarri Aranatz aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Intxostiapunta gazte guneak antolatu dute ikastaroa, Nafarroako Gobernuaren eta Nafarroako Gazteriaren Institutuaren laguntzaz.