Mankomunitateak badu Euskara Batzordea

Guaixe 2023ko aza. 21a, 11:10

Ainize Ibargutxi Iparragirre da Sakanako Mankomunitateko euskara batzordeko presidentea. MANK

Altsasuko udal ordezkari Ainize Ibargutxi Iparragirre da burua.

Legegintzaldi berria hasita, Sakanako Mankomunitateko batzordeak osatzen hasi dira. Euskara Batzordearen txanda azaroaren 17an izan zen. Ibarreko udaletako eta euskalgintzako ordezkariak biltzen ditu batzordeak, guztira 22 kide. Haien artean erabaki zuten Altsasuko udal ordezkari Ainize Ibargutxi Iparragirre izanen dela Sakanako Mankomunitateko Euskara Batzordeko burua, lehendakariordea, berriz, Aitor Larraza Carrera Irurtzungo zinegotzi eta Mank-eko presidentea izanen da. 

Batzordearen helburu nagusia da Sakanako euskararen normalizazioa lortzea. Horretarako, euskararen ezagutza eta erabilera gizartearen arlo guztietan sustatuko du. Helburu bera duten ekimenak lagundu eta sustatzen ditu. Aldi berean, herritarren hizkuntza eskubideak defendatzeko ardura du. Gainera, sakandarrek euskara ikasteko beharrezko bitartekoak jartzen ditu, baita horretan ari diren eragileak lagundu ere. Ibarreko administrazioan euskara lan eta zerbitzu hizkuntza izateko lan egiten du Euskara Batzordeak. Bere beste egiteko bat da herrietako gizarte eragileen koordinazioa sustatzea hizkuntzaren biziberritzearen alde lan egin dezaten. Eragileekin elkarlanean aritzen da horretan.