Edukiontzi berdeko hondakinen %84,21k ez zuen han egon behar

Guaixe 2023ko aza. 29a, 09:00

Zerbitzuko hezitzaileak eta Pantxika Lamur edukiontzi berdean zeuden hondakinak egoki bereizten.

Altsasuko edukiontzi baten azterketa "emaitza txarra" dela esan dute Hondakin Zerbitzuak.

Pantxika Lamur clownaren laguntzaz, Sakanako Mankomunitateko Hondakin Zerbitzuak edukiontzi berde bat Altsasuko Foru plazan hustu zuen. Lamurrek han barruan zeuden hondakinak banatu zituen eta emaitza honakoa izan zen: %4,5 ontzi arinak, %6,85 papera eta kartoia, %42,65 organikoa, %30,21 arropa eta %15,78 errefusa. Hau da, azken hondakin mota hori zegoen bakarrik bere tokian, gainontzeko %84,21 ez; izan ere, Altsasun ontzi arinak, papera, organikoa eta arropa bereizita jasotzeko edukiontziak baitaude. Hondakinen banaketa egin ondoren, Lamurrek Altsasuarren artean inkesta egin zuen, haien iritzia jasotzeko. 

Lamur Etxarri Aranazko eta Irurtzungo azoketan izan da, baita Arakilgo herri batean ere. Etxarri Aranatzen larrialdi guneko edukiontzi bat hustu du eta Irurtzunen eta Arakilen, berriz, kalean dagoen edukiontzi berde bat. 

Hondakin Zerbitzuko arduradunek gaztigatu dutenez, "beharrezkoa da hondakin bakoitza behar bezala bereiztea, eta dagokion edukiontzian uztea material horiek birziklatu eta berrerabili ahal izateko. Bestela, hondakindegira birzikla zitezkeen hondakinak botatzen dira. Eta zenbat eta gehiago bota orduan eta gehiago ordaindu behar dugu hondakindegiaren erabileragatik". 

Aipatu ekimena Hondakin Zerbitzuaren Zu ere influenzerra zara programaren baitakoa da, beste hainbatekin batera. Hura garatzeko Mank-ek Nafarroako Hondakin Funtsaren %100eko finantzazioa jaso du, 35.206 euro.