Mank-eko batzorde bakarra falta da eratzea

Guaixe 2023ko aza. 29a, 11:00

Euskara batzordearen eraketan parte hartu zuten sakandarrek. MANK

Sakanako Mankomunitateko euskara, kirola, berdintasuna eta kulturartekotasun batzordeak eratu dira dagoeneko. Aurki hondakin zerbitzuko batzordea eratuko da. Orain arte ez da halakorik egon.

Legegintzaldi berria hasita, eta udalek martxa hartuta, Sakanako Mankomunitatea egituratzen hasi da ere. Eskaintzen dituen zerbitzuei dagozkien batzordeak eratzen hasiak dira. Ibarreko erakundeko presidente Aitor Larraza Carrerak azaldu duenez, "legegintzaldi honetan saiatu gara batzordeen ardura guztia lehendakariaren bizkar ez uzten. Udalak Sakanako Mankomunitatearekin duten inplikazioan gehiago estutu nahi izan dugu eta, horregatik, batzordeen lehendakaritzak ez dira nire bizkar egonen, hainbat udaletako zinegotzien eskutan baizik". Larrazak gaineratu duenez, "batzorde lehendakaritza horiek banatzean ere saiatu gara eskualde ikuspegi edo oreka bat mantentzen, ibar guztia islatzeko". 

Irizpide horiek kontutan hartuta eratu dira batzordeak. Hala, Arakilgo zinegotzi Irantzu Escudero Jaka da berdintasun batzordeko burua. Kirol batzordearen ardura, berriz, Mateo Berastegi Astiz zinegotzi arbizuarrak du. Anitzartean kulturartekotasun zerbitzuko presidentea Naroa Anso Iriarte etxarriarra izanen da. Bestetik, euskara batzordeko lehendakaria Ainize Ibargutxi Iparragirre izanen da. Lau batzorde horietatik bakarrean, euskarakoan, elkartzen dira udaletako eta gizarte eragileetako ordezkariak. 

Eratzeko dagoen hondakinen batzordearen lehendakaritza Larrazak berak hartuko du bere gain. "Batzorde berri hori sortu dugu udalen eta mankomunitatearen arteko koordinazioa eta hartu-eman zuzena beharrezkoa ikusten genuelako. Batzordeak, besteak beste, estrategia zehazteko balioko du", azaldu du Larrazak.