Tokikotik emakumezkoen kontrako indarkeriaren aurka

Guaixe 2023ko aza. 25a, 15:01

Kanpainaren aurkezpenean izan ziren Sakanako ordezkariak. MANK

Sakanako udalek eta Sakanako Mankomunitateak adierazpena onartu dute. Emakumezkoen kontrako indarkeria motaren baten lekuko izanez gero hura geldiarazteko deia egin dute.

Emakumezkoen kontrako indarkeriaren aurkako eguna da azaroaren 25a. Hala izendatu zuen Nazio Batuen Erakundeko batzarrak duela 24 urte. Izendapen horren bidez nazioarteko erakundeak "emakumeen kontrako edozein indarkeria mota desagerraraztea" aldarrikatu zuen. Egun hori dela eta, Nafarroako Berdintasun Zerbitzuek bat egin dute eta kanpaina prestatu dute. Harekin bat egin dute Nafarroako 140 tokiko erakundeek, tartean ibarreko 15 udalek eta Sakanako Mankomunitateak. Toki erakunde guztiek emakumezkoen kontrako indarkeriaren aurkako adierazpenarekin bat egin dute.

Toki erakundeek adierazi dutenez, "emakumezkoen kontrako indarkeria egiturazko izaera du eta agerian jartzea beharrezkoa da". Nabarmendu dutenez, emakumezkoen kontrako indarkeria "giza eskubideen urraketa argia da, kausak sistema patriarkalean oinarritzen dituena, desberdintasunak betikotzen dituena eta mekanismo eta praktika sozial eta kulturalen bidez erreproduzitzen den botere egitura batean oinarritzen dena, emakumeen aurkako indarkeria ahalbidetuz eta normalizatuz". Jakinarazi dutenez, Nafarroan joan zen urtean %25 gehiago izan ziren sexu askatasunaren kontrako auziak, eta %94 gehiago sexu erasoak. Era berean, 16 urtetik beherakoen aurkako sexu erasoak %166 igo ziren, aurreko urtearekin alderatuta.  

Adierazpenari atxikimendua adierazi dioten 140 toki erakundeen iritziz, "zifra horiek adierazten dute emakumeen kontrako indarkeria, eta zehazki sexu indarkeria, gure gizarteko arlo guztietan dagoela, eta badakigu askotan ez direla salatzen eraso horiek. Indarkeria hori bikote-harremanetan, etxean, eremu digitaletan, kirolean, politikan, komunikabideetan, lan-esparruan, elkarteetan, aisialdiko guneetan, kaleetan... agertzen da". Nabarmendu dutenez, emakumezkoen kontrako indarkeriaren oinarriak dira, besteak beste: "jarrera matxisten normalizazioa, diskurtso negazionistak eta gizonen konplizitate edo axolagabekeria. Horiek denak emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna erdiesteko feminismoak lortutako aurrerapenekiko erresistentziak dira". 

Toki erakundeetatik nabarmendu dutenez, "emakumeen kontrako indarkeria jokamolde askoren normalizazioaren bidez betikotzen da. Egunero ikusi eta entzuten ditugu honelako komentarioetan: 'orain ligatzeko kontratu bat sinatu behar da', 'muxu bat besterik ez zen izan, ez da hainbesterako!', 'ezin zaizue ezer ere esan, dena da iraingarria zuendako!', eta abar". Halako esamoldeak "indarkeriarekin konplizeak diren diskurtso negazionisten adibide batzuk besterik ez dira, eta berdintasun erreal eta eraginkorra lortzeko lanean jarraitzeko eskatzen digute, gizonek zeregin horretan duten inplikazioari bereziki eta zuzenean dei eginez". Horregatik, toki erakundeetako ordezkariek "beharrezkoa" jo dute "denok konpromiso aktiboa hartzea, matxismoa betikotzen duten jokamolde normalizatuak, norberarenak edo besteenak, identifikatuz eta desagerraraziz. Bereziki saihestezina da gizonek aurrerapauso bat ematea eta egoera horiek betikotzen dituen konplizitatearekin bukatzea".

Hartutako konpromisoak 
Nafarroako Berdintasun Zerbitzuen adierazpenarekin bat egin duten toki erakundeek arbuioa adierazi diote "emakumeen kontrako indarkeria mota guztiekiko, edozein arlo eta testuingurutan" izan da ere. Aldi berean, Administrazio Publiko diren aldetik, ibarreko hamabost udalek eta Sakanako Mankomunitateak konpromisoa hartu dute "emakumeen eta gizonen arteko ezberdintasunak desagerrarazteko lanean jarraitzeko, bai eta tokiko entitateen agenda politikoan emakume eta neskatoen indarkeriarik gabeko bizitza bizitzeko eskubidea bermatzen duten neurriak txertatzeko ere, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin eta herritarrekin elkarlanean".

Toki erakundeek haien ardura gisa hartu dute "emakumeen kontrako indarkeriaren aurrean koordinatuta jokatzeko tokiko protokoloak bermatzeko, sentsibilizazioaren, prebentzioaren, arretaren, esku hartzearen eta erreparazioaren arloetan lan iraunkorra eginez". Konpromisoa adierazi duten "erasotutako edo eraildako emakume eta neskatoekin, baita horien seme-alabekin ere, sexu indarkeriari aurre egin behar izan baitiete".

Udalek eta ibarreko erakundeak "interpelazio zuzena" egin diete Sakanako "adin guztietako gizonei, konpromisoak har ditzaten eta emakumeen kontrako indarkeria mota guztien aurka aktiboki ager" daitezen. Azkenik, ibarreko hamabost udalek eta Sakanako Mankomunitateak herritarrei deia eta aitorpena egin diete, "emakumeen kontrako indarkeria desagerrarazteko bidean haien arbuioa eta konpromisoa adierazten jarrai dezaten, indarkeria horren agerpen guztiak salatzen, haren oinarri diren eta emakumeen eta nesken bizitza eta askatasuna baldintzatzen duten jarrerak agertaraziz”. Azkenik, sakandarrak gonbidatu dituzte azaroaren 25aren inguruan antolatzen diren jarduera guztietan parte hartzera.