Itaiak, emakumeen antolakunde sozialistak mobilizazioak antolatu ditu Hego Euskal Herriko hiriburuetan azaroaren 30erako. Kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzat lelopean Iruñeko Nabarreria plazatik abiatuko da mobilizazioa 12:30ean.
Azaroaren 30ean mobilizaziorako deia egin du Itaiak ere, zergatik?
IU. Emakume langileon lan eta bizi baldintzak era nabarmenean okertzen ari dira, eta desmobilizazio orokortu bat ere ari gara ikusten, hau da, egoera hau iraultzeko norabide eza. Beraz, borrokak aurrera eramatea eta, horien artean, greba eguna bera, momentu oso garrantzitsuak direla uste dugu. Horrek ahalbidetuko baitu gure bizi baldintzen hobekuntzaren alde lan egiteko indarrak batzea. Baina greba egun bat ezin da ezerezean geratu: gure zapalkuntza betikotzen duen eta egiturazko pobreziara kondenatzen gaituen gizarte kapitalista gainditzeko bidean indarrak batzeko balio behar du.
Greba, zertarako?
IB. Greba langileon interesak borrokatzeko tresna bat da. Aldarrikapen sozialistak egiteko eta bide horretan mobilizatzeko eskubidea zalantzan jarri bada ere, azaroaren 30ean hainbat aldarri egon daitezkeela iritzi diogu, zaintzaren auzia problematizatu eta estrategia sozialistaren beharrezkotasuna azpimarratzeko egun gisa. Horregatik, gure aldarrikapen nagusia da guztiok kalitatezko lan eta bizi baldintza berak eskuratzea. Klaseetan banatutako gizarte honek sortzen duen gizarte eta ekonomia desorekekin bukatzea baita gure helburua.
"Beraien lege proposamenek emakumeon zapalkuntzarekin bukatzetik urrun, muga argiekin, kudeatzera mugatzen dira"
Zaintza lanen inguruko zer analisia egin duzue?
JD. Zaintza lanek emakume langileon zapalkuntza ezaugarritzen dute, izan familia giroko lanak emakumeon gain erortzen jarraitzen dutelako, izan zaintza sektoreko lan baldintzak oso txarrak direlako: soldata baxuak, kontratu ezegonkorrak, ratio altuak… Egoera horri aurre egiteko baldintza politikoak ere oso eskasak dira, zaintza lanak modu isolatuan egiten ditugulako, antolakuntza politikorako baldintzak zailduz, eta eskubide politikoak behin eta berriz urratzen dizkigutelako. Horren adibide dira borrokan ari diren langileen kontrako mehatxuak, %100eko gutxieneko zerbitzuak greba egunetan edota greba egiteko eskubiderik eza.
IB. Argi dago zaintza lanak interes ekonomikoek zeharkatzen dituztela, enpresariek gero eta irabazi ekonomiko handiagoak eskuratzeko erabiltzen dituztelako. Horren adibide nabarmena da Zilarrezko Ekonomia izendatu duten merkatu berria. Enpresariek beraien poltsikoak betetzeko lan baldintzak okertzen dituzte etengabe, eta horrekin batera, zerbitzuen kalitatea okerragotzen da.
Indarrean dauden zaintzari lotutako politika publikoak zer iruditzen zaizkizue?
IB. Azken urteetan eztabaidagai izan diren proposamenen harira, ikus dezakegun joera nagusia zaintzaren profesionalizaziorakoa izan da, Podemosek proposatutako Erantzunkidetasunaren Planean. Laburbilduz, planaren oinarria, zaintzaren asalarizazioa indartzea da, lan horiek familia esparrutik atera eta emakumeon lan karga ez izateko eta, horretarako, "zaintza poltsa" osatu. Lan eskaintza horren hartzaileak, argi adierazten du, gazteak eta 45 urtetik gorako emakumeak izango dira. Aldiz, konkrezio horrek argi erakusten du sektoreko lan baldintzak prekarioak izaten jarraituko dutela eta ez dagoela zaintza emakumeon arduratik askatzeko borondaterik; are gehiago, lan banaketa sexuala indartu eta kapitalari etekinak lortzeko sektore berriak konkistatzeko aukerak irekitzen dizkio.
IU. Beraien lege proposamenek emakumeon zapalkuntzarekin bukatzetik urrun, muga argiekin, kudeatzera mugatzen dira. Horren adibidea da etxeko langileen araudiaren erreforma, zeinak oinarrian, enplegatzaileen kaleratzeko arrazoiak legalizatu ditu. Hainbatetan ikusi izan dugun modura, politika instituzionalak gutxi balio izan du gure egunerokoan eraldaketa positiborik antzemateko. Azken urteetan indarrean jarri diren lege eta eztabaidagai izan diren hainbaten analisi sakon bat egiteko, Gobernu politika feministak aztergai liburuxka atera dugu, itaia.eus webgunean dagoena.
"Politika instituzionalak gutxi balio izan du gure egunerokoan eraldaketa positiborik antzemateko"
Itaiak zer aldarrikatuko du azaroaren 30ean?
JD. Itaiatik kalitatezko lan eta bizi baldintza berdinak guztiontzako aldarria eginen dugu. Horrek berarekin dakar zaintza lanen ardura gizarte osoarena bihurtu eta lan banaketa sexualarekin bukatzeko aldarria. Baina hori ez da gure zapalkuntza betikotzen eta, hortaz, onurak ateratzen dituzten instituzio edo politikari profesionalen eskutik etorriko. Izan ere, azpimarratzekoa da, gobernu politika feministak pantaila gisa erabili dituzten momentu berean, Zigor Kodea indartu, indar polizialen aurrekontuak handitu, okupazioaren ilegalizaziorako legeak… aurrera eraman dituztela, emakume proletarioak egoera ezin zaurgarriagoan utziz. Beraz, aldarri hori erreal bilakatzeko ezinbestekoa da klase sozialik gabeko gizarte bat eraikitzeko instituzio hauen influentziatik at antolatzea, era berean, soldata berdintasunaren aldeko aldarria mahai gaineratzea, hau da, guztiok egiten dugun ekarpena aitortua izatea eta guztiok aukera berdintasuna jasotzea.
IU. Norabide horretan kokatzen ditugu zaintza lanetan dihardugun emakumeon lan baldintzak hobetzeko ezinbestekoak diren hainbat aldarrikapen: guztiok soldata bera edukitzea eta hori goranzko joeran gauzatzea; lan partzialetan lan orduak gehitzea eta modu jarraian ipintzea; aldi baterako kontratuekin bukatzea, lan kontratuak egonkortuz; dietak ordaintzea; ratioak jaistea…
Aurreko asteetan antolatu dituzuen informazio batzar eta asanblada irekien helburua zein zen?
JD. Greba testuinguru honetan, bi helburu izan ditugu ardatz. Batetik, zaintza auzia problematizatu eta horri aurre egiteko aldarrikapen politikoak mahai gaineratzea. Bestetik, ahalik eta emakume langile gehien antolakuntza politikora batzeko espazioak irekitzea.