Hauteskunde eguna Zuhatzun eta Iturmendin

Guaixe 2023ko aza. 24a, 12:58

Iturmendiko Herri elkarlana hautagaitza. UTZITAKOA

Igandean bateko kontzejua eta besteko udala berritzeko hauteskundeak eginen dira. Aurreneko herrian hautagai bakarra dago, bigarrenean, berriz bi hautagaitza daude. 

Bi toki erakunde berritu gabe gelditu ziren maiatzaren 28ko hauteskundeetan: Zuhatzuko Kontzejua eta Iturmendiko Udala. Bi herrietan ez zen hautagaitzarik aurkeztu udaberrian; bai, ordea, sei hilabeteren ondorengo deialdirako. Zuhatzuk 50 biztanle baino gutxiago duenez, kontzejuko presidentea aukeratu dute bakarrik. Eta ardura errepikatzeko prest aurkeztu da Juan Pedro Arregi Sarasa. Iturmendin herritarrek ezusteko handia hartu dute udal hauteskundeetan bi zerrenda aurkeztu direlako: iturmendiarrez osatutako Herri Elkarlana eta Escaños en Blanco edo Aulki Txuriak.

Hautagaitzak
Herri Elkarlana hautagaitzak azaldu duenez, "Iturmendiren alde lan egiteko gogotsu" daude, "erronka zaharrei eta etorkizunekoei eusteko borondatearekin eta bizilagunekin herriarendako elkarlanean lan egiteko gogo biziz!" Herritarrei aurkeztutako programa hiru arlotan ardaztu dute. Alde batetik, ingurumena eta energiari dagokionez, bero sarearen egitasmoari berriro helduko diote. Horretarako, biomasa energia berriztagarri gisa hartu eta haren bidez etxebizitzetako berogailua eta ur sanitarioa eskainiko du udalak. Horrekin batera, mendien kudeaketa jasangarria bulkatu nahi du. 

Hirigintza eta herri garapena da hautagaitzaren bigarren lan ildoa. Horren baitan hainbat egitasmo zerrendatu dituzte: frontoiko teilatua konpontzea; Santa Marina kalea berritzea; estolderia sistema berrikustea eta mantentze lanak egitea; herriko etxebizitzen egoera aztertu, herritarren etorkizuneko beharrak aurreikusi eta haien araberako etxebizitza aukerak eskaini eta zahartzaroaren erronkari aurre egiteko baliabideak aztertuko dituzte.  

Azkenik, herritarrei zuzenduriko zerbitzuen arloan, Herri Elkarlana hautagaitzak honakoak ditu buruan: egur loteak ateratzeko enpresa baten zerbitzu eskaintzea; kirol azpiegituren aukerak aztertu eta espazioak egokitu; auzolanak berrantolatzea; kultur batzordeen dinamizazioa; udako lukoteka eta haur aisialdia zerbitzuaren eskaintza eta kudeaketa egitea eta herritarrekin komunikazioa indartu.

Iturmendiko Udalera aurkeztu den beste hautagaitza Aulki Txuriak da. Adierazi dutenez, "hauteskundeetan abstentzioa, boto baliogabea edo boto txuria, gehiengoaren jarrera izanik, erakundeen barruan ahotsik gabe geratzen dira. Guk ordezkaritza ematen die ahots kritikoei, eserleku hutsen itxuran". Izan ere, hori baita haien programaren puntu bakarra: "lortuko genituzkeen eserlekuak hutsik uztea; horrela, inork ez luke hartuko ez dagokion dirulaguntzarik edo botere politikorik". Aulki Txuriak hautagaitzak zinegotzi kargu guztiak eskuratuko balitu eta kargurik hartuko ez balu, Nafarroako Gobernuak kudeaketa batzordea aukeratu beharko luke. 

Hauteskunde partzialak direnez, hau da, maiatzaren 28koen jarraipena, hauteskunde mahai berriak aukeratzeko ez da zozketa berririk egin. Beraz, maiatzean mahaiko presidente eta bokal izan ziren pertsona berak izanen dira Hiriberri Arakilgo kontzeju etxean eta Iturmendiko udaletxean egonen direnak.