Klinikarendako Sakana Saria

Guaixe 2023ko aza. 24a, 10:43

Sakanako Sozioekonomia Behatokiak sustatuko sariak Lakuntzako kultur etxean banatu dira. Epainmahaiak jakinarazi zuen aurtengo Sakana Saria Josefina Arregi fundazioarendako zela. Sakandarren botoek Ziordia running taldeari egin diote aitortza.

Lakuntzako kultur etxean egindako sari banaketa ekitaldian banatu ziren azaroaren 23an, osteguna, Sakana Sozioekonomia Behatokiak (SSB) sustatuko Sakana Sariak 2023. Anabel Arraziak aurkeztu zuen ekitaldia, eta hainbat udal ordezkari eta ibarreko eragileen ordezkariak elkartu ziren bertan. SSBko kideek osatutako epaimahaiak jakinarazi zuen aurtengo Sakana Saria Josefina Arregi fundazioarendako zela. Epaimahaiak azaldu zuenez, “fundazioaren 30 urteko ibilbidea eta denbora horretan Sakanako adinekoen beharrei erantzuteko borondatea eta erakutsiriko konpromisoa” baloratu dute. Horren adibide gisa jarri zuten etxez etxeko artatze zerbitzua. Belardi elkarteko Begoña Goikoetxea eta Dendarien elkarteko Sergio Goikoetxea izan ziren epaimahairen izenean saria banatu zutenak. Klinikako ordezkaritza batek jaso zuen saria.

Sakandarrek zortzi hautagaitzetatik aipamen berezia nori eman erabakitzeko aukera izan zuten. Aurten berritasuna zegoen botoa ematerakoan: gutxienez bi eta gehienez hiru hautagaitzen aldeko botoa emateko aukera zuten. 1.500 herritarrek eman zuten botoa eta gehien bildu zituen hautagaitza Ziordia running taldea izan zen. Haren arima den Jose Ramon Ramirez Perezek ezin izan zuen ekitaldian presente egon eta saria, Dastatu Sakana produktu sorta, bere familiak jaso zuen.