Ziklo-kros garaia, bete betean

Guaixe 2023ko aza. 14a, 13:13

Abenduaren 3an, igandea, IV. Urdiaingo Ziklo-krosa jokatuko da, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuta, ziklo-kros denboraldiaren euskal egutegiaren barruan. Cx Iruñea lasterketan Sakana Group taldeko Erik Laiglesia hirugarren izan zen.

Urriaren 22an abiatu zen Euskadiko Txirrindularitza Federazioak antolatutako Euskal Ziklo-kros denboraldia. Hamaika lasterketek puntuatuko dute rankingerako, eta tartean dago abenduaren 3an, igandea, 09:45etik aurrera, Burunda Txirrindularitza Taldeak antolatuko duen IV. Urdiaingo Ziklo-Krosa, kadeteen, juniorren, 23 urtez azpikoen, eliteen eta masterren mailakoa izango dena. Izena emateak zabalik daude.


Zirkuituan ere proba oso ezagunak jokatuko dira, besteak beste, ilbeltzaren 7ko Ormaiztegikoa, edo igandean Karrantzan jokatutako lasterketa, UCI mailakoa. 

Podiuma
Azaroaren 4an Iruña Kirolak taldeak antolatutako Cx Iruñea Ziklo-kros lasterketa jokatu zen Lezkairun, kadeteen mailatik hasita, master mailaraino. Txirrindulari sakandarrak kadeteen mailan lehiatu ziren. Aner Irizar (Zatika Goierri) izan zen azkarrena (28:48), eta Sakana Group-Aralar talde sakandarreko Erik Laiglesia kaskantearra hirugarren sailkatu zen, 42 segundora. Quesos Albeniz-Burundako Xabier Curiel 25. sartu zen, 6:33ra; Ibai Galarza 26., 6:45era; eta Oier Olaberria 37., 9:44ra. Aurretik aipatu sakandarrak Tolosako III. Arsuaga Memorialean parte hartu zuten eta oso txukun ibili ziren. Azaroaren 12an Zornotzako Ziklokrosa jokatu zen.