Hasi da pilotako txapelketarik luzeena, pilotarien erregulartasuna gehien neurtzen duena. Joseba Ezkurdiak eta Xabi Tolosak hasiera bikaina eman diote Binakakoari, azaroaren 24an Azkoitian jokatutako partida ikusgarrian 22 eta 11 hartu baitzituzten mendean Peio Etxeberria eta Jose Javier Zabaleta. Ezkurdiak eta Tolosak sekulako ikuskizuna eman zuten, eta erraz gailendu ziren, kinieletan faborito ziren Etxeberriaren eta Zabaletaren aurrean.
Xabi Tolosak joan zen urtean lesionatuta bukatu zuen Binakakoa, baina sentsazio onekin aritu zen. Zabaletaren erasoei ongi eutsi zien. Egia esan, espero baino min gutxiago egin zuen Etxarrengo atzelariak. Ezkurdiak eta Tolosak bikote sendoa osatu zuten, eta elkar ongi ulertu zuten. Aldiz, Etxeberriari eta Zabaletari elkar ulertze hori oraindik falta zaie. Etxeberriari tantoa egitea asko kosta zitzaion, eta erasoan ez zen fin ibili. Ezkurdiak, aldiz, asko defendatu zuen eta erasoan ere ongi aritu zen.
Gainontzeko partidetan, Jakak eta Mariezkurrenak 22 eta 7 hartu zituzten mendean Laso ordezkatu zuen Larrazabal eta Aranguren, eta Peña II.ak eta Albisuk 19 eta 22 irabazi zieten Artolari eta Imazi partida oso gogorrean. Lehen jardunaldiko azken jardunaldia azaroaren 30ean jokatuko da, Eibarko Astelenan, San Andres egun handian. Altuna ordezkatuko duen Elezkano II.ak eta Martijak Elordi eta Rezusta izango dituzte arerio.
Arbizu, debutatzear
Eibarko San Andresetako jaialdia zabaltzen duen partidan Binakako B Serietako partida jokatuko da. Salaberriak eta Arbizuk Exposito eta Gaskue izanen dituzte aurkari. Aaron Arbizu etxarriarrak profesionalen txapelketa handi batean debutatuko du lehen aldiz.