Jon Etxabe. euskaldun, abertzale eta gorria

Erabiltzailearen aurpegia Juan Kruz Aldasoro Jauregi eta Sonia Ulaiar (Etxarriko Ezker Abertzalearen izenean) 2023ko aza. 27a, 10:16

1933. urtean Elgoibarko Altzola auzoan sortua zen Jon Etxabe Garitazelaiak uztailaren 31n utzi gintuen, bere bizitzan ibilbide emankorra egin ondoren. Apala, xumea, Euskal Herriaren askapen nazional eta sozialaren aldeko borrokalari nekagaitza.

1970. urtean egin zen Burgosko auzian heriotza zigorra ezarri zion Joni Francoren Erregimenak. Euskal Herrian eta nazioartean piztu zen elkartasun uholdeak lortu zuen heriotza zigorra bertan behera uztea, baina 1977.urteko sasi Amnistia arte preso egon zen Jon. Artean apaiza zenez, Zamorako apaiz kartzelan lehendabizi eta gero Lleidako mojen komentu batean egon zen gatibu. Berak esaten zuen bezala, bi kartzelero izan zituen, Franco bata, eta Vaticanoa bestea.

Bere irakasle lanetik erretiroa hartu ondoren iritsi zen Etxarri Aranatzera 1994an, bere bikotekide Maria Luisa Ruiz Aranarekin, frankismoan urte luzez errepresaliatua izan zena berau ere. Hemeretzi urtez bizi izan dira Etxarrin. Aztarna sakona utzi dute herrian beraien aldarte umilagatik eta herriarekiko erakutsitako konpromisoagatik. Presoen aldeko lana lehenetsi bazuen ere, Jonen itzalak eremu zabalagoa hartu zuen: euskara eta kulturaren alde lan egin zuen, Sasoia erretiratuen elkartearen aitzindaria izan zen… saltsa guzietako perrexila zen Jon. Beti umoretsu, beti ausart eta irekia ideia berriak hartzeko; beti leial eta fina eguneroko zereginetan.

"Eutsi Ezpalari!!!" hitzak ziren bere "guda oihua". Jonen ereduaren enborretik ateratako ezpalak elikatuko dute Herri Askeen SUA. Igande honetan izanen dugu gogoan Etxarri Aranatzen.