Langile bat hil da Omnia enpresan

Guaixe 2023ko aza. 28a, 09:51

Etxarri Aranazko ZumurdiƱeta industrialdean dago Omnia lantegia, eskuinekoa. ARTXIBOA

Lan istripuaren ondorioz 51 urteko gizonezko altsasuarra hil da.

Armaduras Omnia enpresan lan istripua izan da 6:51ak aldera. Nafarroako Gobernuak jakinarazi duenez, gizonezko bat prentsa batean mantentze lanak egiten ari zela harrapatuta gelditu da eta bertan hil da.  Lan istripua izan den enpresara Etxarri Aranazko osasun etxeko guardiako mediku taldea, bizi euskarri aurreratuko anbulantzia bat eta Altsasuko suhiltzaileak joan dira, baina ezin izan dute ezer egin, ordurako langilea hilda zegoelako. Istripua izan duen langilearen gorpua Nafarroako Auzitegi Medikuntzako Institutura eramango dute, autopsia egin diezaioten. Diario de Noticias egunkariak jakinarazi duenez, hildako langileak 20 urte baino gehiagoko esperientzia zuen enpresan. Foruzaingoaren Brigada Judizialak bideratu ditu ezbeharraren izapideak.

Sakanan aurten ez zen lan istripuan hildakorik izan. Joan zen urtean bi gizonezko hil ziren lanean izandako ezbeharretan. LAB sindikatuaren kontaketaren arabera, aurten Hego Euskal Herrian lan istripuan hil den 51. langilea da.   

Erreakzioak
CCOO sindikatuak salatu duenez, Nafarroan aurten hil den hamargarren hildakoa da. Sindikatuak gaztigatu duenez, "Balearren ondoren, Nafarroa estatuko lan istripu gehien duen erkidegoa da". CCOOk patronalari dei egin dio: "lan istripuak murrizteko beharrezkoa da enpresak bere osotasunean betetzea Lan Arriskuen Prebentzio Legea". Sindikatuaren irudiko, "Nafarroako datu larriak ikusita, premiazkoa da lan istripuen kontrako ekintza plana egitea". Besteak beste, honako neurriak proposatu ditu CCOOk: lan ikuskaritzan langile gehiago izatea, enpresariei jarritako zigorrak publiko egitea, langileen osasuna hobetzeko izaera publikoko ergonomia eta psikosozial arloak landuko lituzkeen zentroa sortzea eta desplazamenduetan izaten diren istripuak murrizteko Mugikortasun Lege bat egitea.  

LAB sindikatuak nabarmendu duenez, Nafarroan bederatzi hildako izan dira aurten. "Istripu horien atzean patronalaren ez-betetzeak" daudela azpimarratu du LABek. "Nahiz eta prebentzio araudiak ia hiru hamarkada abian daramatzan, patronalari oso merke ateratzen zaio legez kanpo jardutea, inork isunik jartzen ez duelako. Kapitala bizitzaren aurretik ipintzen du patronalak, langileen bizitzen aurretik". Nafarroako Gobernuak "ardura garbia" nabarmendu du LABek, eta "Chiviteren gobernuak behingoz onartu behar du Lan Ikuskaritzaren eskumena, eta esfortzu guztiak araudiaren betearazpenean ipini". Lan ikuskari gehiago eskatu ditu sindikatu abertzaleak. Aldi berean, LAB, ESK, STEILAS, EHNE, HIRU eta CGT/LKN intersindikaletik azaroaren 29an, asteazkena, 19:00etan, Altsasuko Iortia plazan eginen den mobilizazioan parte hartzera deitu dute. 

ELAren iritziz "gertaera beltz hori ez da zoritxarraren ondorio, segurtasun neurri ezaren ondorio larria baizik". Sindikatuak nabarmendu zuenez, Nafarroan lan istripuan zortzi hildako izan dira, "gehienak oinarrizko segurtasun neurri egokiekin erraz saihestu zitezkeenak. Prebentzio legeak 30 urteko beteko dituen honetan, Nafarroako enpresetan laneko arriskuen prebentzioa ez da egiten, edo egiten bada, paper hutsean geratzen da, eta patronalak ez du oraindik ere arautegia betetzeko inongo asmorik agertzen". ELAk "Nafarroako Gobernuaren utzikeria" deitoratu du . Sindikatuak ziurtatu duenez, "lan ezbeharren ardura nagusia enpresari eta erakunde publikoena da". Lan heriotza gehiago ez gertatzeko ELAk eskatu du "Nafarroak lan ikuskaritzaren eskumena berreskuratzea eta plantilla hirukoiztea, Europako batez bestekora parekatzeko, eta, horrela, Nafarroako enpresa eta lantokietan gertatzen diren segurtasun baldintzak behar bezala kontrolatzeko". 

UGTk "istripu izugarri horren arrazoiak sakonki ikertzea eskatu du". Eta, aldi berean, "lanean etengabe gertatzen ari den heriotza kopuru horrekin berehala bukatzea eskatzen du". UGTk "prebentzio politikak areagotzea eskatzen du enpresetan, Nafarroan laneko ezbehar-tasa izugarri handitzen ari baita, ezbehar tasa handiena duen bigarren erkidegoa baita, Balear Uharteen atzetik". Horregatik, eskatu du "lan ezbeharrak murriztea agenda politikoan eta erkidegoko hurrengo aurrekontuetan lehentasuna izatea". UGTren iritziz, "ezinbestekoa da Lan Ikuskaritzari giza baliabide eta baliabide material gehiago ematea, laneko arriskuen prebentzioaren arloko araudia betetzen dela zaintzeko eta kontrolatzeko. Era berean, bitarteko gehiago eman behar zaizkio laneko ezbeharretan espezializatutako Fiskaltzari, erantzukizunak ikertu eta argitu ditzan".

Sindikatuek dolumina, elkartasuna eta babesa adierazi diete familiari eta hildakoaren lankideei eta lagunei.