Erregional mailako laugarren multzoan Etxarri Aranatzek Aranguren bailarako kiroldegian jokatu zuen, Mutilbera C liderraren kontra. Zalantzarik gabe, ez zen etxarriarren eguna izan. Atsedenaldira 2 eta 0 galtzen joan ziren etxarriarrak, baina bigarren zatian beste hiru gol jaso zituzten eta, azkenean, 5 eta 0 galduta itzuli ziren etxera.
Lagun Arteak Berriozar taldea hartu zuen Zelai Berrin. Berriozar izan zen markagailuan aurreratu zena, 8. minuturako. Lagun Artea saiatu zen, eta 33. minutuan Yonatan Davilak bana berdindu zuen. Bigarren zatian, penaltiz, 1 eta 2 aurreratu zen Berriozar. Hortik aurrera erasora pasa ziren lakuntzarrak, eta partida irauli zuten. Borja Ganboak binakako gola sartu zuen, Yonatan Davilak hirugarrena, eta, partidako azken minutuan, Alvaro Codonek laugarrena. 4 eta 2 irabazita, pozik despeditu zuten partida Lagun Arteako jokalariek.
Derbiaren atarian
Mutilbera C da erregional mailako laugarren multzoko liderra (24 puntu). Lagun Artea hirugarren postura igo da (16 puntu) eta Etxarri Aranatz zazpigarren postura jaitsi da (14 puntu). Hamargarren jardunaldian San Donato futbol zelaiak Etxarri Aranatzen eta Lagun Artearen arteko derbia hartuko du abenduaren 2an, larunbata, 11:30ean, Etxarrin. Jokoan dauden 3 puntuak oso gozoak dira bi taldeendako.