Toki erakunde guztiak berrituta

Guaixe 2023ko abe. 11a, 09:32

Iturmendiko Herri Elkarlana udalerako hautagaitza. UTZITAKOA

Igandean egindako hauteskunde partzialekin Zuhatzuko Kontzejua eta Iturmendiko Udala berritu ziren. Zuhatzun Juan Pedro Arregi Sarasa izanen da kontzejuko burua. Iturmendiko alkatea, berriz, Kai Galartza Cervera. Kargua abenduaren 16an hartuko dute. 

Aurtengo udal eta kontzeju hauteskunde zikloa Sakanako toki erakunde guztiak berrituta bukatu da. Maiatzaren 28an berritu ez ziren bi atzenekoak igandeko hauteskunde partzialetan berritu ziren. Zuhatzuarrek erabaki zuten Juan Pedro Arregi Sarasak herriko kontzejuko presidente izaten jarraitzea. Botoa emateko aukera zuten 35 zuhatzuarretatik 21 (%60) joan ziren Hiriberri Arakilgo kontzeju etxera botoa ematera, beste 14 herritar (%40) ez zuten botorik eman. Arregiren aldeko 18 boto (%85,71) izan ziren, eta hiru boto (%14,29) txuri. 


Juan Pedro Arregi Sarasa.

Iturmendiko Udalean aldaketa izanen da eta Imanol Arbizu Perpiñak aginte makila Kai Galartza Cerveraren esku utziko du. Bera izanen da herriko aurreneko emakumezko alkatea. Hauteskundeen emaitzei dagokienez, errolda 342 iturmendiarrek osatu zuten. Haietatik 163k (%47,66) eman zuten botoa eta 179k (%52,34) ez. Emandako botoetatik bi (%1,23) txuriak izan ziren eta bat (%0,61) baliogabea. Emandako gainontzeko 160 botoak (%98,16) Herri Elkarlana hautagaitzarendako izan zen. Aulki Txuriak hautagaitzak ez zuen boto bat bera ere jaso. 

Ibarreko erakundeen osaketa 
Sakanan hamabost udal daude, guztira 121 zinegotzi dituztenak. Hautetsien generoari erreparatuta, hamabost alkateetatik bederatzi (%60) gizonezkoak dira eta sei (%40) emakumezkoak. Zinegotziei dagokienez, 73 (%60,33) gizonezkoak dira, 48 (%39,67) emakumezkoak. Sakanan, bestalde, hamabost kontzeju daude, eta haietan lan egiteko 53 sakandar aukeratu dituzte aurten. Hamabost kontzejuetatik hamabitan (%80) presidentea gizonezkoa da, eta gainontzeko hiruetan (%20) emakumezkoak. Bestalde, 53 bokaletatik 33 (%62,26) gizonezkoak dira eta 20 (%37,74) emakumezkoak.