Pilota

Zabaletaren bigarren garaipena, eta Martijaren ezina

Guaixe 2023ko abe. 11a, 11:10

Zabaleta eta Peio Etxeberria, Labriten Lasoren eta Arangurenen kontra lortutako garaipena ospatzen. UTZITAKOA

Binakako Txapelketako hirugarren jardunaldian Peio Etxeberriak eta Zabaletak euren bigarren garaipena lortu dute, baina Altuna ordezkatzen duen Elezkanok eta Martijak garaipenik gabe jarraitzen dute. Ezkurdiak eta Tolosak abenduaren 13an jokatuko dute, Urretxun

Binakako Pilota Txapelketako hirugarren jardunaldian txanponaren bi aurpegiak ikusi dituzte sakandarrek. Abenduaren 9an, larunbata, Labriten jokatutako partidan Peio Etxeberriak eta Zabaletak 13 eta 22 irabazi zieten Lasori eta Arangureni partida oso gogorrean. Hasieran Lasok eta Arangurenek abantaila hartu zuten, baina Peio Etxeberriak eta Zabaletak eustea lortu zuten, eta hori izan zen partidaren gakoa, bigarren zatian eurek gora egin zuten bitartean Lasok eta Arangurenek behera egin baitzuten. 

Bestalde, abenduaren 10ean, igandea, Altunaren ordez ari den Elezkano II.ak eta Martijak jipoi gogorra jaso zuten, Jakak eta Mariezkurrenak 9 eta 22 irabazi zietelako goitik behera kontrolatu zuten partidan. Elezkano II.ak eta Martijak hiru jardunaldiak galdu dituzte, alde handiz, eta egoerari buelta ematen hasi beharko dute.

Hirugarren jardunaldia abenduaren 13an despedituko da, Santa Luzia egunean Urretxun jokatuko den jaialdian. Ezkurdiak eta Tolosak Peña II.a eta Albisu izango dituzte aurkari, eta euren bigarren puntua lortu nahi dute. 

Aaron Arbizu
Binakako B Serieko Txapelketan, hirugarren jardunaldian Iker Salaberriak eta Aaron Arbizu etxarriarrak 22 eta 12 galdu zuten Agirreren eta Salaverri II.aren kontra, abenduaren 8an Donostiako Atanon jokatutako partidan. Jokatutako hiru jardunaldietan garaipen bakarra dute Salaberriak eta Arbizuk.